Politika -

Auzitegi Gorena

Gobernuak Sortu legez kanpo uzteko salaketa jarri du Gorenean

Estatuko abokatuaren idatzian agertzen denez, alderdi berria ETA-Batasunak erabiltzen du "taktikoki", hauteskundeetan egoteko. Alderdien erregistroan sartzeko prozesua gelditzeko eskatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquin Fuentes Bardajo Estatuaren abokatuak Sortu legez kanpo uzteko salaketa jarri du gaur goizean Auzitegi Gorenean. Alderdien erregistroan ez sartzeko eskatu dute, ETA-Batasunak hauteskundeetan parte hartu ahal izateko "taktikoki" erabiltzen duen alderdia delakoan.

10:00ak inguruan salaketa aurkeztu ondoren Fuentesek kazetariei azaldu dienez, Sorturen estatutuetan indarkeriaren kontra agertu izanak ez du esan nahi ETArengandik eta Batasunarengandik bereizi direla.

Sortu alderdien erregistroan sartzeko prozesua geldiarazteko eskatu dio Estatuko Abokatutzak Auzitegi Gorenari.

Gobernuaren salaketarekin batera, datorren astean ziurrenik, martxoaren 11 aurretik, Estatuko Fiskaltzak Sortu alderdien erregistroan ez sartzea eskatuko du Batasunaren "jarraipena" dela argudiatuta.

ETA-Batasunak instrumentalizatua

ETAk alderdi politikoaren proiektuan parte hartzen ote duen galdetuta, Fuentesek baietz erantzun du, izan ere, "ETA-Batasunak taktikoki erabiltzen du Sortu hauteskundeetan parte hartu ahal izateko eta maiatzetik aurrera foru eta udal erakundeetan egoteko".

Salaketa horren ebazpena iristeko asko jota hilabete pasako dela gaineratu du. Horri buruzko erabakia hartzeko epaimahaia gaur bertan eratu da 61. Aretoan. Gainera, gaur bertan erabaki dezakete salaketa tramitera onartzen duten ala ez.

Onartuz gero, bertan behera geratuko litzateke Barne Ministerioak alderdia erregistroan sartu ala ez erabakitzeko prozesua.

Abokatuak esan du Fiskaltzak datorren astean aurkeztuko duela Sorturen kontrako salaketa, beraz, "maiatzeko hauteskundeen aurretik afera konponduta egongo da".

Badaezpadako neurria

Estatuko Abokatutzak eskaria egin dio 61. Aretoari, salaketa onartzen badu Barne Ministerioari jakinarazi diezaiola, "Gorenak erabaki arte alderdiaren inskripzioa bertan behera utz dezan". Sortu legez kanporatzeko eta alderdien erregistroan ez sartzeko arrazoi nagusia "Batasunaren oinordekoa eta jarraipena" dela berretsi du abokatuak.

Ondorio horretara iristeko, Estatuaren Zerbitzu Juridikoek Poliziak eta Guardia Zibilak Sorturi buruz osatutako txostenak eta jurisprudentzia aztertu dituzte. "Batasunaren oinordekoak direla ondorioztatu dugu juridikoki, hau da, ezker abertzalea-Batasuna dela hauteskundeetara aurkezten dena", azpimarratu du Fuentesek.

Haren esanetan, Sorturen lau sustatzaileei deitu beharko die Auzitegi Gorenak hamar eguneko epean "salaketari erantzun eta alegazioak aurkeztu beharko dituztelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea