Politika -
Auzitegi Gorenean
Sortu legez kanpo uzteko eskaera datorren astean aurkeztuko dute
Eskera hau egin ahal izateko 20 eguneko epea zeukan Fiskaltzak, baina ez du agortuko. Astelehenean edo asteartean aurkeztuko dute, Auzitegi Gorenean.
Erredakzioa
Sortu ezker abertzalearen egitasmo berria alderdi politikoen erregistroan ez egoteko eskaera aurkeztuko dio Fiskaltzak Auzitegi Gorenari datorren asteko hasieran (astelehenean edo asteartean, gaur Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez.
Eskera hau egin ahal izateko 20 eguneko epea zeukan Fiskaltzak, baina ez du agortuko.
Gaur bertan igorri dituzte Estatuko Segurtasun Indarrek Sorturen inguruan egindako azken txostenak. Dokumentu hauen arabera, "Batasunaren jarraipena" da Sortu. Auzitegi Gorenak 2003ko martxoan Batasuna legez kanpo utzi zuen.
Iragan astean, Carlos Divar Auzitegi Gorenaren presidenteak esan zuen "ziur" dagoela Sortu legeztatu ala ez maiatzeko hauteskundeen aurretik erabakiko dutela.
Izan ere, Sorturen inguruko azken erabakia Auzitegi Goreneko 61. Aretoak hartuko du. 2009ko maiatzetik asko aldatu da organu honen osaketa. Ezker abertzalearen alderdi baten inguruan ere eztabaidatu zuen urte horretan (IISP), eta legez kanpo uztea erabaki zuen.
Carlos Divar da areto berezi honetako presidentea, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea izateaz gain.