Politika -

Aurrekontuak 2019

EH Bildu, Eusko Jaurlaritzak emandako ultimatumari buruz: 'Erabakia haien esku dago'

Maddalen Iriartek azpimarratu du EH Bilduk egindako proposamena "zehatza eta gauzagarria" dela eta, ondorioz, Iñigo Urkullu lehendakariaren "erantzun bat" espero dutela.

Maddalen Iriarte (EH Bildu) Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte (EH Bildu) Legebiltzarrean.
Maddalen Iriarte (EH Bildu) Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du 2019ko Aurrekontuak onartzeko koalizio soberanistak Eusko Jaurlaritzari egin dion proposamena "zehatza eta gauzagarria" dela eta erantsi du oraindik badagoela denbora Gobernuak aukera horri "seriotasunez" hel diezaion.

"Ultimatuma Jaurlaritzak berak ezarri dio bere buruari, guk eskua luzatuta segitzen dugu eta akordioa lortzeko edukiak zeintzuk diren jakin badakite. Beraz, erabakia haien esku dago orain", azpimarratu du.

Legebiltzarrean bilkura egin dute gaur goizean Elkarrekin Podemosek eta Alderdi Popularrak aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu eta bozkatzeko. EH Bilduko 16 legebiltzarkidek Eusko Jaurlaritzaren proiektuaren kontra bozkatu dute, baina beste bi abstenitu egin dira eta, ondorioz, egitasmoaren tramitazioa ahalbidetu dute.

Iriartek azaldu du EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako Aurrekontuak ez direla EH Bildurenak eta azken asteotako negoziazioaren bidez Eusko Jaurlaritzaren politikak "aldatu" nahi dituztela, "pentsiodunak pobreziatik ateratzeko, emakumeek bizimodu autonomoa izan dezaten eta kalitatezko enplegua bultzatzeko".

Beraz, bi abstentzioak "eskuzabaltasunez eta arduraz" jokatzeko egindako hautuaren adierazle direla esan du.

"Tamalez, oraindik Jaurlaritzak ez du pentsio baxuenak osatzeko konpromisorik hartu; ahalegin handiak egin ditugun arren, Jaurlaritza oraindik ez dago milaka pentsiodunei erantzun positibo bat emateko moduan", kritikatu du Iriartek.

Nolanahi ere, EH Bilduk ez du partida galdutzat eman eta Jaurlaritzaren zain dagoela adierazi du. "Urkullu jauna, zure erantzunaren zain gaude; hau ez dadila izan iragarritako luzapen baten kronika", nabarmendu du.

Iriartek berretsi egin du EH Bilduren proposamena "zehatza eta gauzagarria" dela eta oraindik akordioa lortzeko denbora badagoela, baina erabakia hartzea Eusko Jaurlaritzari dagokiola.

Ildo horretan, gogora ekarri du koalizio soberanistaren proposamenaren oinarriak "oso argiak" izan direla hasieratik: 858 euroko gutxiengo pentsioa eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egitea. "Hau ez da ateraldi bat, eta zuek ondo dakizue hori", gaineratu du.

"Herri honek ez du pobrezia kudeatu behar; herri honek ongizatea kudeatzea nahi dugu eta horretarako Aurrekontu hori zuzendu egin behar da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu Albisteak Pentsioak