Politika -

Gasteizko epaitegia

Arabako ustezko espioitza auziaren instrukzioa bukatu du epaileak

Aitor Telleria Arabako EAJren buruzagi ohia eta bi ertzain auzipetu dituzte, besteak beste, Patxi Lazcoz Gasteizko alkatea eta Javier Rojo Senatuko presidentea zelatatzea egotzita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako ustezko espioitza politikoko auziaren instrukzioa bukatutzat eman du dagoeneko Gasteizko epaitegiak. Ondorioz, akusazio edo kasua artxibatzeko idazkiak aurkezteko eskatu die aldeei epaileak.

Auzian Aitor Telleria Arabako EAJren buruzagi ohia eta bi ertzain auzipetu dituzte, besteak beste, Santiago Abascal (PP), Patxi Lazcoz Gasteizko alkatea eta Javier Rojo Senatuko presidentea zelatatzea egotzita, ETBk jakitera eman duenez.

Sumarioaren instrukzioa amaitu dela jakinarazi du Roberto Ramos epaileak gaur auto baten bidez. Horrela, Ministerio Fiskalari eta aldeei eginbideak igortzea erabaki du epaileak. Ahozko epaiketa hastea edo auzia artxibatzea eskatzeko 10 egun dituzte aldeek.

Aldeek eginbide osagarrien praktika eskatzeko aukera izatea onartu du epaileak.

Sumarioak zazpi liburuki eta 1.601 folio ditu. Aitor Telleria eta Ertzaintzako bi agente auzipetu dituzte sekretuak agerraraztea eta urratzea egotzita.

Ikerketa

Telleriaren bulego batean txostenak aurkitu zituztenean hasi zen ikerketa, funtzionario-eroskeria ustezko sarearen markoan miatu zutenean.

Arabako gizarteko pertsonai ezagunen azterketak topatu zituen Ertzaintzak miaketan, epaitegia jakinaren gainean jarri eta beste ikerketa paralelo bat abian jarri zuten. Ertzain auzipetuak zerbitzutik kendu zituen Herrizaingo Sailak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea