Politika -

Txosten baten arabera

Guardia Zibila: 'Sortu Batasunaren tresna da, ETAren zerbitzura'

Barne Ministerioak Guardia Zibilaren txosten bat bidali die Estatuko Fiskaltzari eta Abokatuari, eta, bertan irakurri ahal denez, Sortu "Batasunak eratutako tresna bat da, eta ETAren zerbitzura dago".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barne Ministerioak Sortu alderdiari buruzko txosten bat bidali die gaur Estatuko Fiskaltzari eta Estatuko Abokatuari. Idatzi horrek Sorturen eraketa eta Batasunarekin ustez dituen harremanak aztertzen ditu, eta Auzitegi Gorenean ezker abertzalearen alderdi berria erregistratzearen aurkako errekurtsoa jartzeko helarazi die Ministerioak Estatuko Fiskaltzari eta Abokatuari.

Barne Ministerioak hedabideei zabaldutako agiri batean azaldu duenez, Sortuk erregistratzeko hilaren 9an Barne Ministerioan aurkeztutako estatutuak ez ezik, alderdiari buruzko beste txosten batzuk ere bidali dizkie Estatuko Fiskaltzari eta Estatuko Abokatuari, Alderdien Legearen arabera jardun dezaten.

Informazio horren guztiaren artean, Guardia Zibilak idatzitako txostena dago; horretan, Sortu "Batasunaren tresna" dela ziurtatzen dute, eta bortizkeriaren erabilera gaitzesten badute ere "ETAk ezarritako estrategiaren zerbitzura" daudela gaineratzen dute.

Guardia Zibilaren txostenak Sortu Batasunaren jarraipena dela ziurtatzen du.

ETAko ustezko zenbait kideri atzemandako sei agiri aurkeztu dituzte froga moduan; agiri horietan, ETAk "Batasunaren ondorengo tresna politiko nagusi bat sortzeko asmoa" duela azaltzen dute.

Guardia Zibilaren arabera, "azken negoziazio saiakeran porrot egin ostean", ETA erakundeetan egoteko beharrari erantzute aldera ezarri duten estrategiaren mende dago Sortu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea