Politika -
Eusko Jaurlaritzak
ETAren mehatxupean Euskaditik joan zirenei laguntzak emango dizkiete
Herrizaingo Sailak txostena egingo du, petsona horien beharrak zehazteko. Helburua, pertsona horiek Euskadira bueltatu ahal izatea.
Erredakzioa
ETAren biktimak izateagatik edo ETAren mehatxuengatik Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzera joan ziren pertsonei diru-laguntzak emateko txostena egingo du Eusko Jaurlaritzak, gaur Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak iragarri duenez. Helburua, pertsona horiek Euskadira bueltatu ahal izatea, bere hitzetan.
Terrorismoaren Biktimen Batzordean agerraldia egin du gaur Rodolfo Aresek. Bukatzean kazetariei azaldu dienez, Legebiltzarreko taldeei proposamena luzatu die gaur sailburuak.
Aresek jakinarazi duenez, ETAren mehatxuagatik Euskal Autonomia Erkidegotik joan zirenei laguntzak emateko txostena egingo du Jaurlaritzak, Euskadira buelta daitezen. ETAren biktimak izan direnei edo ETAren estortsioa pairatu dutenei laguntzak ematea aztertuko dute dokumentu horretan.
Ekimena "seriotasunez eta irmo" burutuko dutela agindu du Aresek. Ondoren, Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute, talde guztietako ordezkariekin adosteko helburuarekin.
Laguntza hauekin, ETAren mehatxupean Euskadi utzi behar zutenen itzulera bideratu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Txostena Biktimen Arretarako Bulegoarekin batera egingo dute.
Maixabel Lasak azaldu duenez, oraindik ez dakite zenbat pertsonek nahi duten Euskadi itzuli, ezta bakoitzaren beharrak zeintzuk izango diren.