Politika -
Bilera Ajuria Enean
Lehendakaria Basagoitirekin bildu da Sorturi buruz hitz egiteko
Sorturen aurkezpenaren harira, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdiekin hizketa txanda bat hasi du Patxi Lopezek.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakaria Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearekin bildu zen atzo Gasteizen, Sorturi buruz hitz egiteko, bileraren gertuko iturriek jakinarazi dutenez.
Bi buruzagiek noizbehinkako hartu-emanak badituzte ere, atzo arratsaldekoa Sorturen sorreraren harira lehendakariak iragarritako bilera-sortaren baitan egin dute.
Joan den astean, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen PSE-EEk eta PPk ikuspuntu "ezberdinak" dituztela ezker abertzalearen urratsen inguruan.
"Baliteke ikuspuntu ezberdinak izatea, baina baloratu egin beharra dago ETA atzo baino bakartuago dagoela, eta hori pauso garrantzitsua eta positiboa da", esan zuen. "PPk ez badu hala ikusten, errespetatu egin beharra dago", gaineratu zuen.
Nolanahi ere, ezberdintasunak ezberdintasun, sozialisten eta ''popularren'' arteko itunean ez dutela "trabarik" jarriko ohartarazi zuen.
Mendiaren hitzetan, akordioko puntuak betetzen ari dira, hots, "irmotasun demokratikoa" eta "zero tolerantzia" izaten ari dira.