Politika -
"Plato 2.0" saioan
Jesus Eguiguren: 'Ezker abertzalea hauteskundeetan egongo da'
PSEko presidentearen hitzetan, "ezker abertzalea hauteskundeetara aurkezten bada ere, ez da aldaketa handirik izango". Bestalde, ukatu egin du negoziatzen ari direla.
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSEko presidentearen hitzetan, ezker abertzalea hauteskundeetan izango da, eta Sortuk ere "egon beharko luke", legala izateko eskakizun guztiak betetzen dituelako. Bestalde, alderdien legea gaitzetsi du; izan ere, "alderdiak legez kanpo uzteko gai da, baina ez ditu legez kanpo utzitako horiek lege barruan berriro sartzeko tresnarik ezarri".
ETB2ko "Plato 2.0" telebista-saioan azaldu duenez, legez kanpo uzten badituzte, ezker abertzaleak aurkezteko "moduren bat" izango du: "plataformen bidez edo beste zerrenda batzuei laguntza emanez". Ildo horretan, Eguigurenek uste du ezker abertzalea "nola edo hala" hauteskundeetan egongo dela, baina onena "legezkotasunaren" barruan egotea litzatekeela.
Agintari sozialistaren hitzetan, ezker abertzalea hauteskundeetara aurkezten bada ere, "ez da aldaketa handirik izango". "Ez da ikerketa handiegirik egin behar PP edo EAJ alderdiek jasoko dituzten boto kopurua asmatzeko", esan du.
"Ez da ezer berririk gertatuko hauteskundeetan, eta gizartean ez da aldaketarik izango", adierazi du. "Guztiak izango dira erakundeetan, eta lortzen dituzten itunen arabera, baliteke gauzak zerbait aldatzea", gaineratu du. Aldaketarik balego, eta EAJ boterera helduko balitz, baina, "ez litzateke aldaketa handirik izango". Dena den, ez du uste hori gertatuko denik.
Ildo horretan, Batasuna Eusko Legebiltzarrera heltzen bada ere, eta EAJrekin hitzarmenen bat sinatzen badu ere, PSEk gehiengo nahikoa izaten jarraituko duela azaldu du, eta "baliteke gehiengo handiago bat lortzea".
Informazioa da gakoa
Agintari sozialistaren esanetan, berak aurretik zuen ezker abertzalearen asmoen berri, eta bazekin "noraino helduko ziren". Halaber, ukatu egin du negoziatzen ari direla: "Soilik egingo zutena esan zidaten".
"Ez dut inoiz zalantza egin eta uste sendoa mantendu dut; askok kritikatu naute, eta baliteke ni oker egon izana edo besteak oker egon izana, baina denborak arrazoia eman dit gauza askotan", azaldu du.
Nahasmena
Gertatzen ari denaren harira, "alderdi sozialista, gainerako alderdiak bezala, nahasturik" dagoela uste du. "Aldaketak hain arinak dira, ezin izan dugula gaiari buruz hitz egin, eta gaiari buruzko mezu baikorra ematen zuenak kritikak jaso ditu hedabideetan; hori dela eta, alderdi sozialistan askok ez dakite zer gertatzen ari den, arinegi doalako dena".
Ildo horretan, PSEn bakoitzak bere erara pentsatzen duela uste du Eguigurenek, izan ere, alderdi "libertario" bat da. "Bakoitzak bere erara pentsatzen du, eta batera jarduten gara". Bestalde, Gobernuan ez egoteak "iritzia emateko askatasuna eta aukera" ematen diola uste du.