Politika -

Epaia

Sanchezek, GEEAren epaiari buruz: Presoek Espainiako araudia bete beharko dute

"Horixe da gure historiako egoerarik beltzena (ETAren indarkeriari aipamena eginez) igarotzen lagunduko digun bidea", erantzun dio Sanchezek EAJko Mikel Legardari.

Pedro Sánchez. Argazkia: EFE
Pedro Sánchez. Argazkia: EFE
Pedro Sánchez. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak zigor metaketei buruz hartutako erabakia Giza Eskubideen Europako Auzitegiak babestu izana baloratu du asteazken honetan Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. "Epai horrek presoei gogorarazten die nahitaez Espainiako araudia bete beharko dutela, baldin eta dagozkien eskubideak lortu nahi badituzte. Horixe da, nire eta Gobernu honen iritziz, gure historiako egoerarik beltzena (ETAren indarkeriari aipamena eginez) igarotzen lagunduko digun bidea", baieztatu du.

Modu horretan erantzun dio Gobernuaren kontrolerako saioan EAJko Mikel Legarda diputatuak egindako galderari. Hain zuzen ere, Frantzian betetako zigorrak ez konputatzeko urriaren 23an hartutako erabakiaz galdetu dio Legardak.

Lehenik eta behin, Espainiako presidenteak nabarmendu du beti egongo direla epaileriaren lana zalantzan jartzen duten diputatuak. Geroago esan du Espainiako Gobernuak ez duela gisa horretako epaien inguruko iritzia ematen, alegia, "onartu" besterik ez dituela egiten. Gainera, adierazi du ebazpen horiek ez direla "ikuspuntu gatazkatsu" batetik baloratu behar.

Sanchezen iritziz, Estrasburgon egoitza duen aipatu auzitegi europarraren epaia "eskubideak babesten dituen berme osagarri bat bezala" ulertu behar da. "69 presori espetxe-zigorra murrizteko aukera eragozten die, Frantziako kartzeletan betetako urteak metatzen ez dituztelako", azaldu du. Halaber, erantsi du preso horietako askok "3.000 urteko" espetxe zigorrak dituztela.

Bien bitartean, Mikel Legardak aurpegiratu dio hipoteken aferan Auzitegi Gorenak hartutako erabakiari aurre egin ziola. Zehazki, Sanchezek orduan esandakoa ekarri du gogora, alegia, "Botere Judiziala alde batetik doala, baina bestetik Estatuko gainerako botereak daudela, eta horiek ere irtenbideak eman ditzaketela".

EAJko diputatuaren ustez, "Espainiak salbuespen egoera bizi du, metatutako zigorren kontuari dagokionez". Are gehiago, azpimarratu du Europar Batasuneko gainerako herrialdeek ez dituztela Espainiak legerian jarritako "mugaketak" ezarri.

Gauzak horrela, "Espainiak bizi duen salbuespen hori baztertzeko" EAJk Kongresuan aurkeztu duen proposamena babestuko duen ala ez galdetu dio Sanchezi. Azken honek erantzun dio "EAJ alderdi serioa, sinesgarria eta sendoa" izan dela beti, eta, beraz, ez dutela nazionalistek proposamenak aurkezteko duten gaitasuna epaituko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Auzitegi Gorena Europa Espainiako Gobernua Presoak ETA Pedro Sánchez