Politika -
Gaur egingo dute ofizial
'Sortu' izango da ezker abertzalearen alderdi berriaren izena
Gara egunkariak aurreratu duenez, estatutuek ETAren indarkeriaren arbuio "irekia eta garbia" egingo dute.
Erredakzioa
Estatutuetan ETAren indarkeria esplizituki errefusatuko duen ezker abertzalearen alderdi berriak ''Sortu'' izango du izena, Gara egunkariak aurreratu duenez.
Ezker abertzaleak gaur bertan egingo ditu ofizial izena eta logoa, eta estatutuak aurkeztuko ditu Bruselan. Bihar erroldatuko dituzte Barne Ministerioan, Madrilen.
Atzo, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagi historikoak eta Iñigo Iruin abokatuak estatutuen edukia azaldu zuten, Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi historiko batean.
Aipatu egunkariak estatutuen aurrerapen bat publikatu du, eta horren arabera, alderdi politiko berriak ETAren indarkeriaren arbuio "irekia eta argia" egingo du.
"Alderdi berriak errefusatu egingo du indarkeria ekintza politiko edo helburu politikoak lortzeko lanabes gisa, haren jatorria edozein dela ere. Indarkeriaren arbuioa irekia eta garbia da, ETArena barne".
Halaber, estatutuek konpromisoa jasotzen dute "edozein motatako indarkeria desagerrarazten laguntzeko, batik bat ETArena", eta indarkeria ez errefusatzea alderdi berritik kanporatua izateko kausa izango dela.
Biktimak
Estatutuek "indarkeria guztien" biktimak "onartzeko" eta horiei "ordaintza emateko" konpromisoa ere jasotzen dute.
Azkenik, alderdi berriak legez kanporatutako alderdien jarraipena izateari uko egiten diola idatzi dute.