Politika -

Estrasburgoren epaia

Legea erreformatzeko eskatu diote euskal presoen abokatuek Espainiako Gobernuari

Abokatuek gogora ekarri dute Espainiako Gobernuak Europar Batasunak ezarritako irizpidean aldaketak egin zituela, euskal presoei Frantzian betetako zigorrak ez batzeko.

Haizea Ziluaga eta Iker Urbina abokatuak. Argazkia: EFE
Haizea Ziluaga eta Iker Urbina abokatuak. Argazkia: EFE
Presoen abokatuek harriduraz hartu dute Estrasburgoko Auzitegiko epaia

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoen abokatuak "harrituta" agertu dira Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiak zigorrak ez pilatzeko egindako "aplikazio maltzurra" babestu duelako.

Hala ere, irtenbidea legea erreformatzea dela adierazi dute eta hala eskatu diote Espainiako Gobernuari: zigorrak batzea ahalbidetzeko, 7/2014 lege organikoan gehitu zituen salbuespenak ken ditzala, hain zuzen ere.

Europar Batasunak 2008an ezarri zuen komunitateko Estatu batean betetako zigorrak pilatzeko irizpidea, baina Espainiak ez zuen 2010era arte indarrean jarri eta, gainera, 2014an aldaketak egin zituen lege organikoan, euskal presoen kasuan halakorik aplikatu behar ez izateko.

Araua 2010ean ezarri zenez, Espainiako Gobernuak erabaki zuen ez zituela urte hori baino lehenago zigorrak aintzat hartuko. Kontuan izan behar da Frantzian ezarritako zigor ia guztiak 2010 aurrekoak direla.

Halaber, Espainian leporatutako deituak Frantzian egindakoak baino lehenago gertatu diren kasuetan ere salbuespena egitea eta, beraz, zigorrak ez batzea erabaki zuen Alderdi Popularraren Gobernuak.

Iker Urbina eta Haizea Ziluaga abokatuek esan dute Espainiak Europar Batasunaren erabakiaren "aplikazio maltzurra" egin zuela 7/2014 legean. "Mendeku politikoa izan zen", salatu dute.

Estrasburgok presoen aldeko epaia eman behar zuela konbentzituta egon direla aitortu du,  hori pentsatzeko "arrazoi juridiko sendoak" zituztela iritzita. Urbinak erantsi du Auzitegi Nazionala, Auzitegi Gorena eta Auzitegi Konstituzionala ere iritzi berekoak zirela.

Ildo horretan, gogora ekarri du bere garaian Adela Asua Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak eta Candido Conde-Pumpido Gorenekoak boto partikular bana eman zutela auzi honetan.

Abokatuek berretsi egin dute prozesu judizial honetan presoen oinarrizko eskubideak urratu direla eta Espainiak Europako araudia urratu duela.

Guztira, 40 bat presok jo dute auzitegira zigorrak batu ez dizkietela salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Presoak Albisteak Bakea Euskadin Abokatuak