Politika -
Urkullu-Iglesias bilera
Aurrekontuetan egonkortasuna lortzearen alde agertu dira Urkullu eta Iglesias
Iñigo Urkullu eta Pablo Iglesias lehendabiziko aldiz bildu dira arratsalde honetan, Lehendakaritzan. Aurrekontuak, egoera politikoa eta gai ekonomikoak izan dituzte hizpide.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak Pablo Iglesias Podemoseko buruzagia hartu du arratsalde honetan Lehendakaritzan, egoera politikoa aztertu eta aurrekontuez hitz egiteko. Lehendabiziko aldia da bi politikoak biltzen direla.
Batzarra amaituta, Iglesiasek esan du ezinbestekotzat jotzen duela "Alderdi Popularra Espainiako Gobernutik kentzea ahalbidetu zuen gehiengoa zaintzea" eta hala adierazi diola lehendakariari.
Halaber, itunak egiteko "baldintzarik gabeko elkarrizketa bat" abiarazi behar dela azaldu du.
"Konbentzituta nago zentsura-mozioaren gehiengo hori zaintzen badugu, lan egiten badugu, biltzen bagara eta gure artean asko hitz egiten badugu, akordioetara heltzea posible izango dela, baita aurrekontuetan ere, baina oraingoz ez daude agertoki horretan", zehaztu du.
Joan den astean Oriol Junquerasi espetxean egin zion bisitak nahiz gaur Urkullurekin Gasteizen egin duen bilerak, zeresana eman dute gainerako alderdi politikoen artean. Iglesiasek azpimarratu du batzar horietara ez dela Espainiako Gobernuaren izenean edo Pedro Sanchezen ordezkari gisa joan.
"Guk gurea egiten dugu, baina Gobernuak bere lana egin behar du, eta gehiengo berri hori osatzen duten taldeek ere berea egitean badute, akordioak iritsiko dira", nabarmendu du.
Podemoseko idazkari nagusiaren iritzian, akordioetara heltzeko Kataluniak bizi duen "salbuespen egoera" amaitu egin behar da. "Gatazkak bide demokratikoetatik konpondu behar dira", erantsi du.
Iglesiasen jarrera positibotzat jo du Urkulluk
Lehendakaritzak jakinarazi duenez, Urkulluk eta Iglesiasek Euskal Herriko, Kataluniako nahiz Estatuko egoera politikoa aztertu dute bileran, eta 2019ko Espainiako Aurrekontu Orokorrak ere izan dituzte hizpide.
Aurrekontuak negoziatzeko ardura EAJk Kongresuan duen talde parlamentarioari dagokiola nabarmendu dio Urkulluk Iglesiasi, baina Podemosek aurrekontuetan, erakundeetan eta politikan "egonkortasuna" bilatzeko egin duen apustua begi onez hartu du.
Estatuaren antolaketari dagokionez, biak bat etorri dira "formula berriak" behar direla Estatua "plurinazionala" dela aitortzeko, eta, ildo horretan, "eredu konfederala edo federala" aipatu dituzte.
Autogobernuaren kasuan, EAJk eta EH Bilduk Estatutu berria idazteko adostu dituzten oinarriak azaldu dizkio lehendakariak Iglesiasi. Akordio zabalago baten beharra babestu dute biek.
Horrez gain, 39 urte geroago, Gernikako Estatuak bete gabe segitzen duela eta, beraz, transferitu gabe dauden eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko egutegi bat zehaztea premiazkoa dela esan dio lehendakariak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bakegintzan, bizikidetzan, biktimen arretan eta memoriaren esparruan egindakoa azaldu dio, eta espetxe politika aldatzea ezinbestekoa dela adierazi dio Iglesiasi, ETA deseginda dagoela kontuan hartuta.
Gai ekonomiko eta sozialen artean, Naval ontziolaren egoera izan dute hizpide. Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketaren xehetasunak eman dizkio eta arazo honi irtenbidea emateko Espainiako Gobernuaren inplikazioa ezinbestekoa dela esan dio lehendakariak.
Urkulluren ustez, erakundeak eta langileak akziodun izan beharko lirateke, betiere inbertitzaile pribatu bat ontziolaren proiektuaz arduratuko bada.