Politika -

'Orain Presoak' ekimena

Euskal presoen auzia konpontzeko eskatuz, manifestazioa egingo dute Donostian

Orain Presoak ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dute larunbat honetakoa presoen alde inoiz egin den mobilizaziorik "pluralena" izango dela, eta herritarrei bertan parte hartzeko dei egin diete.

Orain Presoak ekimenaren manifestazioa iragartzeko agerraldia. Artxiboko argazkia: EiTB
Orain Presoak ekimenaren manifestazioa iragartzeko agerraldia. Artxiboko argazkia: EiTB
Orain Presoak ekimenaren manifestazioa iragartzeko agerraldia. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain Presoak ekimenak deituta, manifestazioa egingo dute larunbat arratsaldean Donostian, euskal presoen auziari irtenbidea emateko eskatuz.

Mobilizazioaren aurretik, bakeari eta bizikidetzari buruzko ekitaldia antolatu dute Miramar Jauregian, eta Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu gehienak izango dira bertan: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Geroa Bai, EH Bai eta EELV alderdiak; eta ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuak.

Halaber, Bakearen Artisauak, Sare, Etxerat, Foro Soziala eta Bagoaz elkarteak ere han izango dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "alderdiak, sindikatuak eta gizarte zibila argazki berean ikusteko balioko du ekimen honek; elkarlanean aritzeko unea da, oraindik korapilo asko geratzen direlako guztion artean askatu beharrekoak".

Ildo horretan, Orain Presoak ekimenak azpimarratu du "ezinbestekoa" dela "euskal presoen auzia konpontzea eta bizikidetzaren alde urratsak ematea".

Bestalde, Miramar Jauregiko ekitaldiaren ondotik Donostiako kaleetan barrena egingo den manifestazioa presoen alde inoiz egin den mobilizaziorik "pluralena" izango dela nabarmendu dute.

Antolatzaileek herritarrei bertan parte hartzeko dei egin diete: "Presoen auzia konpontzeko eta bizikidetzan urratsak emateko oso garrantzitsua da gizartearen inplikazioa eta bultzada".

Manifestazioa Antiguako tuneletik abiatuko da, 17:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Presoak Albisteak Bakea Euskadin