Politika -

'Herenegun'

Fernandez kargutik kentzea eskatu dio Alonsok Urkulluri, 'Herenegun' programagatik

Popularren ustez, EAEko ikasgeletan ikusteko prestatutako bideoetan "justifikatu" eta "zuritu" egiten da ETAren jarduna.

Alonso, Urkulluri hitz egiten Eusko Legebiltzarrean, kontrol saioan / EFE.
Alonso, Urkulluri hitz egiten Eusko Legebiltzarrean, kontrol saioan / EFE.
PPk Jonan Fernandez kargutik kentzeko eskatu du, 'Herenegun' programagatik

1:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia kargutik kentzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Popularren ustez, 'Herenegun' hezkuntza programak "justifikatu egiten du gatazkaren teoria".

Aurrekontuei buruzko hitzaldiaren amaieran egin du eskaera Alonsok, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. PPren arabera, Euskal Herriko historia berriari buruzko 'Herenegun' programaren unitate didaktikoetan ETAren jarduna "zuritu" egiten duten bideoak daude. Eusko Jaurlaritzak ikasgeletara eraman nahi dituen bideoak ETBko 'Oinatz Galduak' saioan ikusitakoak dira.

Euskadiko PPko liderrak bideo horiek baztertzeko eskatu dio lehendakariari. Popularrek Legebiltzarrean duten bozeramaileak ere gauza bera eskatu zuen ostegunean. Bere bideo bat kentzea eskatu zuen Borja Semperrek, horretarako baimenik eskatu ez diotelako, eta gainerako materialarekin nahasi dutelako. "Nire seme-alabek ikusten baldin badute, hil nahi nindutenaren erantzukizuna nirea zela pentsa dezakete", salatu zuen.

Horregatik, Alfonso Alonsok Iñigu Urkulluri "hori guztia egiten ari den zure konfiantzako pertsona kargutik kentzea" eskatu dio, "Euskadin gertatu zenari buruzko kontakizun, memoria eta egiarentzat arriskua" delako.

Terrorismoaren Biktimen Erakundearentzat kontakizuna "manipulatzen" du ikasgaiak, eta "ETA justifikatzea eta jarduera terrorista zuritzea bilatzen du".

Jonan Fernandezek, bestalde, hezkuntza programari egin dizkioten kritikak ukatu ditu Radio Euskadin. "'Herenegun'-en ez da inondik inora ETAren eta bere ekarpen zorigaiztokoaren garrantzia gutxitzen".

Fernandezek nabarmendu duenez, indarkeriari zilegitasuna kentzea da 15 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzendutako material didaktiko horren oinarria. "Ez dago ETAren eta beste taldeen indarkeria azaltzeko aitzakiarik", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Alfonso Alonso Bakea Euskadin Hezkuntza