Politika -
Noos auzia
Auzitegi Gorenak baztertu egin du Noos auziaren epaia baliogabetzeko eskaria
Iñaki Urdangarini bost urte eta hamar hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten 'Noos auzia'ren baitan. Orain, babes eske Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak baztertu egin du 'Noos auzia'ren epaia baliorik gabe uzteko Iñaki Urdangarinek eta Diego Torresek aurkeztu zuten eskaria. Bost urtetik gorako zigorrak ezarri zizkieten biei, eta egun kartzelan daude.
Gorenak dio bi zigortuek egindako idatzietan ez dela ezer berririk esaten, auzitegi horrek ekainean eman zuen epaiarekin alderatuta. Areago, Gorenak uste du eskaera horien benetako helburua "kasazioari buruzko eztabaida luzatzea" izan dela.
Auzitegi Goreneko bidea agortuta, babes eske Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango dute orain.
Palmako Auzitegiak sei urte hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion Urdangarini, baina Auzitegi Gorenak bost urte eta hamar hilabetera murriztu zuen gero. Torresen kasuan, zortzi urte eta erditik bost urte eta zortzi hilabetera jaitsi zuen kartzelaldia. Urdangarin Brievako (Avila) espetxean dago, bigarren graduan.
Auzitegi Gorenaren ebazpenaren arabera, Urdangarin eta Torres "Palmako Auzitegiak erabaki zuenari aurre egiten" saiatu dira idatzi horiekin, baina epai batean oinarrizko eskubideak urratu direnean soilik eska daiteke ebazpen bat baliorik gabe uztea. Beraz, eta halakorik izan ez dela iritzita, atzera bota ditu bi zigortuen eskariak.