Politika -
Jabetza intelektuala
Sinde Legea berpiztu dute PPk, CiUk eta PSOEk
Legez kontrako edukiak deskargatzen dituzten webguneak ixteko berme judizialak indartzen duen zuzenketa adostu dute alderdiok.
Erredakzioa
PSOEk, PPk eta CiUk Sinde Legea Senatuan aurrera ateratzeko akordio bat lortu dute; legez kontrako edukiak deskargatzen dituzten webguneak ixteko berme judizialak indartzen duen zuzenketa adostu dute alderdiok, Efek jakinarazi duenez.
Ekonomia Jasangarriaren Legeari zuzenketak egiteko epea bukatu baino lau ordu lehenago adostu dute Sinde Legearena. Hori horrela, Senatuan abiatuko da berriro Lege horren inguruko eztabaida, joan den abenduaren 21ean bertan behera gelditu ostean.
Ildo horretan, datozen hiru hilabeteotan kanon digitala izeneko zerga berritzeko konpromisoa hartu du Gobernuak.
Datorren otsailaren 9an Senatuak Sinde Legea bozkatuko du berriro.
Adostutako zuzenketa horren arabera, Kultura Ministerioaren menpeko Jabetza Intelektualaren Batzorde bat sortuko dute. Bitartekaritza eta arbitraje lanak egingo ditu, eta legez kontra deskargatutako edukiengatik jarritako salaketak aztertuko ditu.
Webgune bat ixteko "epaile baten baimena" beharko da. Baimena lortu ostean, "webguneek identifikazioa egiteko beharrezko datu guztiak eman beharko dituzte".
Jabetza Intelektualaren Batzordeak webguneak blokeatu edo horietatik edukiak kendu ahal izango ditu. Dena den, "48 orduko epean jabeak legez kontrako eduki horiek kentzeko edo alegazioak aurkezteko aukera izango du".
Bi eta gehienez bost asteko epean eskumena duen organoak bere ondorioak aurkeztu beharko dizkio kaltetuei, eta hiru egun gehiagoren buruan epaia eman beharko du.
Dena den, webgunea ixteko epailearen baimena beharko dute.
Era berean, salaketa ezarritako epeetan ez bada aurrera ateratzen, bertan behera geldituko da eskaera.