Politika -

Memoria Historikoa

Frankismoko biktimen hobien mapa eguneratu eta deshobiratzeak zuzenduko ditu Estatuak

Alabaina, Estatuko Aurrekontu berria onartu bitartean, ekimena ez dute abian jarriko, egungo aurrekontuan memoria historikoari lotutako politikak bideratzeko dirurik ez dagoelako.

Zeanurin topatutako hobi bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Zeanurin topatutako hobi bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Zeanurin topatutako hobi bat. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1936ko gerrako eta frankismoko hobien mapa eguneratu eta biktimak hobietatik ateratzeko egitasmoak koordinatuko ditu Estatuak. Hala adostu dute Espainiako Gobernuaren Justizia Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek gaur Madrilen egindako bileran.

Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Historikorako zuzendari nagusiak azaldu duenez, desagertuen DNA banku bat sortzeko aukera aztertuko dute. Hala ere, ez du ziurtatu proiektu hori gauzatuko dutenik, "teknikoki konplexua" delako.

Justizia Ministerioan egindako batzarrean, beste konpromiso batzuk ere hartu dituzte, tartean biktimen zentsu bat lantzea, batailoiek eta presoek egindako eraikinen zerrenda bat egitea eta ikur frankistak dituzten monumentuak identifikatzea.

Nolanahi ere, Martinezek aitortu du egitasmo hau martxan jartzeko Estatuko Aurrekontu berria onartu arte itxaron beharko dutela; izan ere, egungo aurrekontuan ez dago dirurik memoria historikoari lotutako politikak bideratzeko.

"Memoria historikoaren aurrekontuko diru zatirik handiena biktimak hobietatik ateratzeko erabiltzea da asmoa", esan du Martinezek.

Estatuko hobietan lurperatutako biktimak 100.000-114.000 inguru izan daitezkeela uste dute. Justizia Ministerioaren datu ofizialen arabera, berriz, desagertuak 2.740 dira. Gauzak horrela, lehendabizi hobien mapa eguneratuko dute, ondoren gorpuak hobietatik ateratzen hasteko.

Eusko Jaurlaritzaren izenean Aintzane Ezenarro Memoria Historikoaren Gogora institutuko zuzendaria izan da bileran. Espainiako Gobernuari elkarlanean aritzea eskatu dio, biktimei buruzko zentsuak eta datu baseak egiterakoan, DNA bankua sortzerakoan eta hobien kokapena identifikatzerakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Albisteak Nafarroako Gobernua Frankismoa Memoria Historikoa Gogora Institutuaren proiektuak