Politika -
Estatutu berria
Estatutu berria EAJ-EH Bildu akordioa oinarri hartuta idatziko dute adituek
Gainerako talde parlamentarioen boto partikularrak kontuan har ditzatela eskatu diete adituei, betiere ekarpen horiek EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriekin bateragarriak baldin badira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatutu berria sortzeko metodologia zehaztu du eta testu artikulatua idazten hasteko agindua eman diete bost adituei. Estatutu berriaren zirriborroa EAJk eta EH Bilduk adostutako printzipioetan oinarrituta idatzi beharko dute.
Lan metodologia EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babestu dute; Alderdi Sozialista abstenitu egin da eta Alderdi Popularrak kontrako botoa eman du.
Jone Berriozabal EAJko legebiltzarkide eta Autogobernu Lantaldeko koordinatzaileak agerraldia egin du gaurko akordioaren inguruko xehetasunak jakinarazteko.
Berriozabalek azaldu duenez, uda aurretik eztabaidatu eta adostu zituzten oinarriak bozkatu dute lehendabizi, eta ez da inolako nobedaderik izan, talde bakoitzak bere jarrerari eutsi baitio. EAJk eta EH Bilduk puntu guztiak babestu dituzte; Elkarrekin Podemosek, ostera, herritarren eta emakumeen eskubideei lotutako oinarriak soilik babestu ditu.
Lan-metodologia EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artean adostu dute. PSEk abstentzioaren alde egin du eta PPk irizpide horien kontra bozkatu du.
Metodologia horren arabera, talde parlamentarioek aukeratutako bost adituek EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak eta printzipioak errespetatuta idatzi beharko dute estatutu berriaren zirriborroa.
Hala ere, gainerako taldeek aurkeztutako boto partikularrak kontuan hartuko dituzte, betiere ekarpen horiek jeltzaleen eta soberanisten oinarriekin bateragarriak baldin badira.
"Itun berriak egiteko aukera ematea eta akordio horiek zabaltzea garrantzitsua dela uste dugu, baina, betiere Autogobernu Lantaldean orain arte duguna errespetatuta", adierazi du Berriozabalek.