Politika -
Autogobernu lantaldea
Mendia, 'aniztasunean' oinarritutako autogobernu akordio baten alde
PSE-EEren buruak esan du EAJren eta EH Bilduren "guztiaren" eta PPren "ezerezaren" artean daudela.
agentziak | erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEren buruak "aniztasunean" oinarritutako Gernikako Estatutuaren erreforma defendatu du autogobernurako akordio gisa, EAJren eta EH Bilduren "guztiaren" eta PPren "ezerezaren" artean egongo dena.
Mendiak, Errenterian (Gipuzkoa) duten egoitzan egindako ikasturte hasierako ekitaldian, berretsi du badagoela "adostasunak zabaltzeko" eta "legearen barruan" akordioa lortzeko aukera. Izan ere, horixe da "autogobernu lantaldeari hasiera eman zion ez legezko proposamenak bilatzen zuena", Mendiaren esanetan.
EAJko hainbat kidek azkenaldian egindako adierazpenen harira, Mendiak erantzun du jeltzaleak direla Estatutuaren erreformaz "hartu behar duten jarrera erabaki behar dutenak", "bai orain hasiko den fasean, teknikoan, bai hurrengoan, politikoan. Hor politikariok ardurak gure egin behar ditugu eta legearen barruan akordioak lortu".
PSE-EEren idazkari nagusiak PPren planteamenduaz esan du "gauzak dauden bezala uztea" proposatzen duela, eta EAJk eta EH Bilduk adostutakoa "erabat soberanista" dela, nahiz eta "Podemosek zuzenketa arin bat egin".
PPren "ezerezaren" eta abertzaleen "guztiaren" artean, PSEren proposamena "kontuan hartu ez den oinarri egokia izan liteke", sozialistaren arabera.