Politika -
Katalunia
Kataluniar guztiekin hitz egin dezala eskatu dio Espainiako Gobernuak Torrari
Generalitateko presidenteak egin duen diskurtsoa independentistei zuzendutakoa izan dela esan du Espainiako Gobernuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Kataluniar guztiekin" hitz egin dezala eskatu dio gaur Espainiako Gobernuak Quim Torra Generalitateko presidenteari, eta auzipetuta dauden politikari independentisten inguruan epaileek ebatziko dutena onartu egin behar duela esan dio.
Arratsaldean egin duen agerraldian, Torrak azpimarratu du ez duela auzipetu horientzako zigorrik onartuko, eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko "nazioarteak babestutako erreferendum lotesle bat" adostea galdegin dio Pedro Sanchezen Gobernuari.
Ondoren, Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak agerraldia egin du Moncloa Jauregian, Torrak egindako adierazpenei erantzuteko.
Espainiako Gobernuaren iritzian, Torrak Kataluniako independentismoari soilik zuzendutako hitzaldia eskaini du. "Bere publikoarentzat hitz egin du, eta ez kataluniar guztientzat", kritikatu du Celaak.
Espainiako Gobernuari entzuteko eta hitz egiteko eskatzen zaion moduan, Torrak "kataluniar guztiekin" hitz egin behar duela esan du Celaak. "Elkarrizketa behar du Kataluniak. Elkarrekin hitz egin behar dute", berretsi du.
Ildo berean, Espainiako Gobernua Generalitatearekin hizketan aritzeko prest dagoela esan du Celaak, "betiere legearen baitan eta kataluniarrak batuko dituen autogobernua indartzeko izango bada".
Bestalde, auzipetutako politikari kataluniarren harira, Celaak adierazi du Espainia "zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa" dela eta botere judiziala "independentea" dela. Hortaz, "epaileek ebazten dutena errespetatu egin behar da", erantsi du.