Politika -
Polizia-operazioa
Atxiloketak egungo egoeran egitea salatu dute EAJk, EAk eta Aralarrek
EAk uste du "helburu politikoa" dutela irekitako prozesua oztopatzeko. Aralarrek dio "Espainiako Estatuak" ez diela jaramonik egin "Gernikako Akordioaren eskakizunei".
Erredakzioa
EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Josu Erkorekaren hitzetan, "une korapilatsu" hauetan atxiloketak egin izanaren arrazoia da, alde batetik Gobernuari "mezu politikoa bidaltzea komeni zaiola", eta bestetik, "polizia ikerketan benetako arrazoi politikoak" daudela.
Erkorekaren ustez, ETAko azken agiriaren ostean, "emandako pausuak ondo neurtzea komeniko litzateke". "Polizia ikerketak oinarri sendoak dituela pentsatzea nahiko nuke", esan du Josu Erkorekak.
EA
Eusko Alkartasunak gaur Nafarroan eta EAEn izan diren atxiloketek "helburu politikoa" zutela salatu du, izan ere, EAren arabera "Euskal Herrian irekitako prozesu atzeraezina oztopatzea" dute jomuga.
"Ezker abertzalearekin lotutako erakundeetako kideen kontrako polizia-operazioa da, eta gogoratu behar da dagoeneko indarkeria erabat baztertu duten erakundeak direla", kritikatu du EAk.
Aralar
Aralarrek, bere aldetik, "Espainiako Estatuak Gernikako Akordioan egindako eskakizunei jaramonik ez diela egin" uste du.
Alderdi abertzaleak politikan jarduteko eskubidea aldarrikatu du "demokrazia garatzeko bide bakarra" delako.
LAB
Igor Arroyo Nafarroako LABen buruak "astakeria"tzat jo ditu atxiloketak. "Demokraziaren kontrako erasoa" izan direla salatu du, eta PSOEri "helburu politikoekin indarkeria" erabiltzea leporatu dio.