Politika -
Katalunia
Lazo horiak eraikin publikoetatik kentzeko eskatu du Herriaren Defendatzaileak
Herriaren Defendatzailearen iritzian, ideologia politiko jakin bateko sinboloak ezin daitezke jarri eraikin publikoetan; Generalitatearen instalazioetan, udaletxeetan edo ospitaleetan, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Francisco Fernandez Marugan Herriaren Defendatzaileak esan du botere publikoak neutraltasun ideologikoa errespetatu behar duela, eta Kataluniako eraikin publikoetan lazo horiak jarrita neutraltasun hori urratu egiten dela. Horrenbestez, sinbolo horiek eraikin publikoetatik kentzeko eskatu du.
Lazo horien harira azkenaldian Kataluniak izan diren gertakariak direla eta, kezkatuta agertu da, "espazio publikoetan bizikidetzari kalte egiten ari zaiolako".
Herritarrek egindako hainbat salaketa jaso ditu. Abuztuaren 7an, herritar batek kexa bat helarazi zion Bartzelonako ospitale bateko eraikinaren fatxadan lazo horiak jarri zituztelako, eta Herriaren Defendatzaileak salaketa babestu du.
Juan Carlos Girauta Ciudadanoseko diputatuak ere jo du Herriaren Defendatzailearengana. Generalitatearen egoitza ofizialetan eta udaletxe askotan lazo horiak, gurutzeak, pankartak edota Kataluniako bandera independentistak jarri direla salatu du Girautak.
Herriaren Defendatzaileak adierazi du bideratu egingo dituela auzi honekin lotutako kexak, eta babestu egingo dituela kaltetutako herritarrak eta erakundeak.