Politika -
Manifestazioa Bilbon
Preso guztiak kaleratzeko ibilbide-orri bateratua aldarrikatu du Kalera Kalerak
Ibilbideari ekin aurretik, 1994an tiroz hil zituzten Roberto Facal eta Fernando Morroni gazte uruguaitarrak gogoan izan dituzte eta lore-eskaintza batekin omendu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Kalera Kalera euskal presoen aldeko ekimenak manifestazio jendetsua egin du ostiral honetan Bilbon, eta preso guztiak kaleratzeko ibilbide-orri bateratua aldarrikatu du.
12:00etan hasi dute mobilizazioa, Bilboko Plaza Eliptikoan. Ibilbideari ekin aurretik, gogoan izan dituzte 1994an tiroz hil zituzten Roberto Facal eta Fernando Morroni gazte uruguaitarrak, euskal preso iheslarien asilo politiko eskubidea defendatzen ari zirela.
Bi gazteak lore-eskaintza batekin omendu dituzte, eta Uruguay bezalako beste “herrialde askoren” eskutik jasotako babesa eskertu dute.
Ekitaldia amaitutakoan, "Bada garaia, presoak kalera!" lelopean udaletxeraino joan dira. Besteak beste, Arantza Zulueta eta Arantza Garbayo preso ohiak pankartaren atzean elkartu dira, eta ibilbidean zehar presoak kaleratzearen eta amnistiaren aldeko oihuak entzun dira. Era berean, “preso politiko guztiak etxeratzeko deia” egin dute.
Manifestazioaren bukaerako ekitaldian Garbayok hartu du hitza eta Kalera Kalera ekimenaren adierazpena irakurri du. Hala, Euskal Herritik urrun dauden presoak bisitatzeko asmoz kilometro ugari egiten dituzten senide eta lagunei keinu bat egin die. “Gaur espetxeetarako bidea hartuko duzuen senide eta lagunok: eraman hemen bildutako harrotasuna lokutorio eta visetara. Kontuz bidean”, esan du.
“Preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria erdietsiko duen ibilbide-orria zehaztu dezagun", aldarrikatu du Garbayok.
“Oso garrantzitsua da herri mobilizazioa bizirik jarraitzea. Kalera!", esan du ekitaldiaren bukaeran adierazpena irakurri duen preso ohiak, eta "herri honek preso guztien kaleratzea aurreikusten duen ibilbide-orri bateratua" merezi duela gaineratu du.