Politika -
Ministro Kontseilua
Francoren gorpuzkiak ezkutuan aterako dituzte Erorien Haranetik
Ministro Kontseiluak Memoria Historikoaren Legea erreformatzeko lege-dekretua onartuko du gaur, Francoren senideek jar ditzaketen salaketek prozesua bertan behera uztea saihesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik "lehenbailehen" atera ahal izateko, lege-dekretua onartuko du gaur, ostirala, Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak. Horrela, Francoren senideek jar ditzaketen salaketek prozesua bertan behera uztea saihestu nahi du Sanchezen gobernuak. Hori dela eta, Memoria Historikoaren Legea gaurkotuko du.
Ministro Kontseiluak lege-dekretu hori ostiral honetan bertan onartu ondoren, baina, erabakia Kongresuak balioetsi beharko du, urte politiko berriaren hasieran. Hala ere, Francoren gorpuzkiak ez dituzte egun batetik bestera aterako.
Litekeena da lege-dekretu hori bihar bertan argitaratzea Estatuko Aldizkari Ofizialean. Dena dela, prozedura administratiboa martxan jarriko denez, diktadorearen senideek helegitea jartzeko aukera izango dute.
Hala, diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik atera aurretik, erreforma Kongresuak balioestea nahi du Sanchezen gobernuak. Alabaina, Behe Ganberak lege-dekretua bozkatu aurretik ere, aurrera eraman lezake.
Horrenbestez, Espainiako Gobernuaren ustez, Francoren gorpuzkiak ezingo dituzte urria baino lehen atera Erorien Haranetik, baina herritarren protestak saihesteko, ezkutuan atera lezakete diktadorearen gorpuzkiak.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, Ministro Kontseiluaren bileraren ostean egingo duen agerraldian azalduko ditu Memoria Historikoaren Legea erreformatzeko lege-dekretuaren nondik norakoak.
2017ko maiatzean diktadorea Erorien Haranetik ateratzeko legez besteko proposamena egin zion Kongresuak Espainiako Gobernuari, eta Francoren gorpuzkiak "ahalik eta eperik laburrenean" ateratzen ahaleginduko zela esan zuen Sanchezek ekainaren 18an.
Kontrako botoa emango dute PPk eta Ciudadanosek
Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek ez dute babestuko Espainiako Gobernuak Franco Erorien Haraneko hobitik ateratzeko aurkeztuko duen lege-dekretua, premiazkoa ez dela iritzita.
PPk iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean, lege-dekretua onartu bezain laster. Albert Riverak ere ildo beretik hitz egin du, eta Kongresuko bozketan Ciudadanos abstenitu egingo dela iragarri du.
Unidos Podemos, PDeCAT, EAJ eta EH Bildu alderdiek, berriz, dagoeneko esan dute Franco diktadorea Erorien Haranetik ateratzea babestuko dutela.