Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ETArekin lotura hausteko exijitu dio Aresek Batasunari
Herrizaingo sailburuaren esanetan, ezker abertzalea alderdi berriaren estatutuak aurkeztu baino lehen aldendu beharko da ETAtik.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak alderdi berriaren estatutuak aurkeztu baino lehen ETArekin harremana "haustea" exijitu dio gaur Batasunari.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aresek "ez itxaroteko" eta ETAri "indarkeria eta jarduera terrorista" ez dituela onartzen esateko dei egin dio.
Sailburuaren iritziz, Arnaldo Otegik eta ezker abertzalearen gainerako buruek "mundu hori" duen "antsietatea" gidatu egin beharko lukete, "erabakiak hartu eta legezkoak izan daitezen".
Halaber, adierazpen hutsak egin baino, "egintzak" egin behar dituztela iritzi dio.
"Baina erabakiak haiek [ezker abertzalekoek] hartu behar dituzte, eta badakite behin betiko hautsi behar dutela indarkeriarekiko lotura, jokoaren arauak errespetatzearen, giza eskubideen eta legalitatearen aldeko apustu argia eginda", gaineratu du.
Estatutuetan ezker abertzaleak indarkeria errefusatzeko aukeraz, Aresek adierazi du "hain argi" badaukate, "oraintxe bertan" esan dezatela.
EA
Bestalde, sailburuak kritikatu egin ditu Gernikako Akordioaren barruan ETAren agiria nahikoa dela uste duten alderdiak, batik bat EA, haren historia "traizionatu" duela uste baitu.
"Bere historiarekin koherente bada, EAk exijentziari eutsi egin behar dio, indarkeria behin betiko uzteko eskatu, eta ez interpretatu ETAk esan ez duena", ohartarazi du.