Politika -
2012ko hauteskunde orokorrak
Rubalcaba: 'Krisia eta ETA baino ez ditut buruan'
Bestalde, Barne ministroa Otegiri zuzendu zaio, eta Gobernuari baino, eskakizunak ETAri egin behar dizkiola esan dio.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Barne ministroak ziurtatu du pentsatzeko ahalmen "mugatua" duela, eta beraz, ez duela buruan 2012ko hauteskunde orokorretan hautagai izatea. "Pentsioak, krisi ekonomikoa eta ETA baino ez ditut buruan", gaineratu du.
Ser irrati-katean egindako adierazpenetan, Rubalcabak Gara egunkariak Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa ere izan du hizpide, eta Gobernuari baino, eskakizunak ETA erakunde terroristari egin behar dizkiola esan dio Batasuneko bozeramaile ohiari.
"Otegik solaskide okerra hautatu du, ez zaio Estatuari zuzendu behar, hark jarrera argia baitu, baizik eta ETAri, hori baita bere arazoa legezkoa izan nahi badu. Ez diezaiola Gobernuari esan egin behar duena. Gobernuak legea ezarri behar du, eta haiek bete", nabarmendu du.