Politika -

Su-etena

Aralar: 'ETAk bere osotasunean bete behar du Gernikako Hitzarmena'

Patxi Zabaletaren alderdiaren ustez, ETAren azken agiria "garrantzi handiko dokumentua da".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarrek esan du ETAren azken agiria "garrantzi handiko dokumentua" dela, baina Gernikako Akordioa "bere osotasunean betetzeko" eskatu dio talde terroristari.

Aralarren Zuzendaritza arratsaldean bildu da Donostian, gaur ezagutzera eman den ETAren agiriaren edukien balorazioa egiteko.

Bileraren ondoren Patxi Zabaleta Aralarreko kooordinatzaileak esan du ETAren agiria "Gernikako Akordioaren betearazpenerako hasiera" izan behar dela. "Hain zuzen, akordio hori da Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa lortzeko benetako bide-orria", gaineratu du.

Zentzu honetan, ETAk Gernikako Akordioa "bere osotasunean" onartu eta bete behar duela azpimarratu du Zabaletak, "alde bakarrekotasuna barne".

"Agirian Gernikako Akordioa aipatzen den arren, ez du esaten bere osotasunean onartzen eta betetzeko konpromisoa hartzen duenik. Gai hori betetzeko dago agirian eta beharrezkoa izango da konpontzea, sinesgarritasuna eta eraginkortasuna bermatzeko", gaineratu du Aralarreko buruak. Orain, Aralarren ustez, eragile politiko eta sozialen "erantzukizuna" da urratsak ematea, "Gernikako Akordioko edukiak bere osotasunean bete arte".

"Eragile politiko eta sozialek berez duten eskumenaren jarduna inolako muga eta tutela gabe gauzatu behar da, eta herriaren eta soilik gizarte zibilaren aurrean eman beharko dituzte kontu politikoak". Honen harian, ETAk "politikan esku-hartzeko adierazi dituen asmoak" alde batera uzteko exijitu du Aralarrek, "bultzatzeko edo ahalegina egitekoak ere bai".

"Euskal Herriko gizarte zibilak, eta bere eragile politiko eta sozialek, ezingo lukete horrelako jarrerarik modu demokratikoan onartu", amaitu du Zabaletak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea