Politika -

Hurbilketa

Loza: 'ETAko presoen hurbilketa gehiago egon litezke uda bukatu baino lehen'

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria Sanz eta Moreno lekualdatzearen alde agertu da, "legea zorrotz betetzea" eta bizikidetzaren aldeko "keinu bat" delako.

Jesus Loza, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn.
Jesus Loza, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn.
Espetxe-politika berri bati hasiera eman zaiola esan du Jesus Lozak

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Lozak, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, "uda bukatu baino lehen ETAko presoen hurbilketa gehiago" egon litezkeela iragarri du.

Lozak SER irrati katean esan duenez, presoak hurbiltzeko erabaki hori “bizikidetzara begira dagoen” kartzela politika berri baten barruan dago, eta presoek autokritika prozesu bat egitearekin lotu ditu. “Langraiz bidearen antzeko zerbait jarriko dugu martxan”, esan du.

Olga Sanz eta Xabier Moreno hurbiltzea "legea zorrotz betetzea" dela esan du. Bi presoak ETAren Bizkaia komandoaren laguntzaileak izateagatik zigortu zituzten, eta Villabonako (Asturias) presondegitik Basauriko espetxera eraman zituzten astelehenean.

"Ez da espetxe-onura", azaldu du. Gogorarazi duenez, presoek "gizarteratzeko legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen zituzten". Sanzi otsailean eman zioten hirugarren gradua, PP Gobernuan zegoenean; Morenori, aldiz, uztailaren 31n, PSOErekin Gobernuan.

"Ez da erabaki politiko bat, legea zorrotz betetzea baizik", esan du Lozak. Hala ere, onartu du "keinu bat" ere badela, "presoei jarraitu beharreko bidea erakusteko modu bat. Kartzela-politikaren helburua gizarteratzea da, eta hori autokritikarekin batera dator. Preso bat ez da terrorista bezala oheratzen biharamunean demokrata gisa esnatzeko. Hori prozesu bat da, eta beharrezkoa izan lezake laguntza. Administrazioak laguntza eskain diezaioke, baina presoa da urratsak eman behar dituena".

Presoak hurbiltzearen alde

Kasu hau gorabehera, Losa presoak Euskal Herrira hurbiltzearen alde agertu da. "Hurbilketa urruntzea bezain legezkoa da. Ez da espetxe-onura. Espetxeetako Administrazioak hartu dituen bi erabaki dira", esan du.

Lozaren arabera, "egin behar dugun galdera zera da, Euskal Herrian erabateko bizikidetza lortzeko hobea den presoak lehen graduan milaka kilometrora mantentzea ala gizarteratzeko prozesu hori laguntzea. Nire ustez, erantzuna erraza da: guztiontzat onena gizarteratzearen alde egitea da".

Ordezkariak baieztatu duenez, "biktimak jakinaren gainean egon dira", eta poztu egin da PP ez delako erabat kontra azaldu. Horren ustez, "oso garrantzitsua da gai honen inguruan PPren eta PSOEren arteko adostasuna egotea. Estatu politika da".

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “Gobernuak legea bete behar du, besterik ez”, presoek zigorra etxetik gertu bete ahal izateko. “Legeak ez zu ezer esaten barkamenari buruz”, gogorarazi du, “bakoitzaren kontua da hori”.

Lekualdatzearekin “soilik legalitatea bete” dutela azpimarratu du Agirrek Onda Vasca irratian.

PPren eta Ciudadanosen kritikak

Juan Ignacio Zoidok, Espainiako Barne ministro ohiak, Sanz eta Moreno lekualdatzea kritikatu du, eta terrorismoaren biktimek "erabateko aitorpena" merezi dute. Zoidoren ustez, "ez da bidezkoa biktimen oroimena eta duintasuna iraintzea" EAJri "mesedeak ordaintzeko".

Carlos Iturgaizek ere ezinegona adierazi dio Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari, gutun batean. Legebiltzarkide ohiak esan duenez, lekualdatutako bi presoek ez dute barkamenik eskatu, Euskadiko PPko presidentea zenean hiltzen saiatu ziren arren.

"Haietako bat ere ez da nirekin harremanetan jarri barkamena eskatzeko", esan du Iturgaizek. Horren arabera, erabakia "gobernu honek abertzale eta independentistei ordaindu beharreko bidesaria da".

Era berean, Ciudadanosek Espainiako Gobernua kritikatu du. Lekualdatzea Pedro Sanchez Exekutiboko buruzagiak EAJrekin eta EH Bildurekin dituen “hipoteken” emaitza dela uste du alderdi laranjak, Mariano Rajoy presidente ohia kargutik kentzeko zentsura-mozioan emandako babesaren truke.

“Sanchezen ordainketa bat iruditzen zaigu”, adierazi du Miguel Gutierrez Ciudadanoseko talde parlamentarioaren idazkari nagusiak. Diputatu laranjaren ahotan, presoen sakabanaketaren inguruan zegoen “adostasuna hautsi du” Gobernu sozialistak.

AVT eta Covite

Lekualdatzea “guztiz legezkoa” izan dela onartu du Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak. Zentzu horretan, PPren Administrazioak baimendu zuela gogorarazi du Ordoñezek. PPk gaiarekin “oposizioa” egin nahi duela uste du biktimak. “EAJrekin hurbilketak eta espetxeetako eskumena adosturik zuten jadanik, inolako baldintzarik jarri gabe”, erantsi du.

Gainera, kolektiboa presoak gerturatzearen aurka ez dagoela ziurtatu du Ordoñezek, baina baldintza bezala ETArekin “haustea” jartzeko eskatu dio Pedro Sanchezi.

Bestalde, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) ez du lekualdatzea zalantzan jartzen, baina etorkizunean “gehiago lagatzeko ke-laino” bat dela uste du.

Bi presoen lekualdatzeak “legearen baldintzak” betetzen dituela azaldu du Miguel Folguera AVTko ordezkariak, baina datozen asteetan edo hilabeteetan izango diren mugimenduen aurrean elkartea “adi” egongo dela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Presoak ETA