Politika -

Ministroen Kontseilua

Rubalcaba:'Pentsioetan aldaketarik egin gabe ez dago aurrera egiterik'

Halaber, sindikatuekin akordio bat lortzeko "borrokatuko" duela adierazi du. Gainera, "inor umiliatuko ez duen gizarte bat eraikitzeko" asmoz tratu berdina bermatuko duen legea aztertu du Kontseiluak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko lehen presidenteordeak sindikatuekin adostasuna lortzeko "borrokatuko" duela baieztatu du, erretiro-pentsioen sistema berriztatzeko; baina pentsioetan errformarik egin ezean, ez dagoela "aurrera egiterik" nabarmendu du.

"Gauzak egin behar dira, bestela, ez dugu aurrera egiterik", Rubalcabak Ministroen Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan adierazi duenez. Bertan, arratsaldean Valeriano Gomez Lan ministroak Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGTko idazkari nagusiekin, hurrenez hurren, izandako bilera aipatu du.

Rubalcabak ez du aurreratu nahi izan sindikatuekin egindako negoziazioaren balizko emaitzarik. "Gure asmoa akordioa lortzea da, oso gai garrantzitsua eta funtsezkoa delako gure gizartearen etorkizunerako", esan du horren harira.

Tratu berdina

Bestalde, Ministroen Kontseiluak aztertu du gaur, lehendabiziz, tratu berdinaren lege-egitasmoa. Lege horrek diskriminazioa identifikatzea, pairatzen dutenen jarraipen legala hobetzea eta biztanleriaren sentsibilizazioa handitzea ditu helburu.

Horrela iragarri du Leire Pajin Berdintasun eta Gizarte-politika ministroak, Ministroen Kontseilua amaitu ondoren emandako prentsaurrekoan. Pajinek nabarmendu du arau honekin "inor umiliatuko ez duen gizarte bat eraikitzea" eta "inor umiliatzeko aukerarik ez ematea" lortu nahi duela Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea