Politika -
Presoak
Marta Igarriz presoari bigarren gradua eman dio Auzitegi Nazionalak
Espetxe Zaintzak graduz aldatzen duen lehen euskal presoa da hernaniarra. Egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten presoen % 95 lehen graduan daude.
EITB.EUS
Marta Igarriz preso hernaniarra lehenengo gradutik bigarrenera aldatzeko eskaera onartu egin du Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez. Apirilean jarri zuten helegitea eta oraintxe heldu zaie erantzuna.
Egun, presoak lehenengo graduan mantentzeko arrazoirik ez dagoela uste du Marta Igarrizen abokatua den Aizpea Ziluagak.
Bigarren graduan egonda, irteera baimenetarako eskubidea izango du Igarrizek, eta aurrerantzean hirugarren gradua lortzeko aukera gehiago. Auzitegi Nazionalak 15 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion 2005ean eta, beraz, zigorraren hiru laurdenak beteta ditu.
Gradu aldaketa lortu duen aurreneko presoa izan da Igarriz. Erabaki honek euskal presoen egoera desblokeatu dezakeela uste du Ziluagak.
Egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten presoen % 95 lehen graduan daude, eta, ondorioz, ezin dute espetxe onurarik eskatu.