Politika -
Bilera larunbatean
Presoak 'birgizarteratzeko plan' bat garatu nahi dute Foro Sozialak eta EPPKk
Bilera egin dute Alboloteko espetxean, Granadan. Bi aldeak aurten biltzen diren hirugarren aldia da. Foro Sozialak, Sarek eta Etxeratek prentsaurrekoa emango dute asteartean, Bilbon.
Agentziak | Erredakzioa
Presoak “birgizarteratzeko egitasmo bat garatzearen” aldeko apustua egin dute Foro Sozialeko eta EPPK presoen kolektiboko ordezkariek. Larunbatean bildu ziren.
Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak Twitter sare sozialean jakitera eman duenez, bilera Alboloteko espetxean (Granadan) egin dute. Bi aldeak aurten biltzen diren hirugarren aldia da. Hernan berak, Jon Olarrak eta Ainhoa Mujikak (EPPK) parte hartu dute batzarrean.
“Preso guztientzako birgizarteratze plan bat garatzeko beharraz eta aukera leihoaz mintzatu gara”, adierazi du.
Zentzu horretan, “zehazten ari den bide-orriari presoek ekarpena egin nahi diote”, azaldu du Hernanek. Foro Sozialak, Sarek eta Etxeratek prentsaurrekoa emango dute datorren asteartean, Bilbon, bileraren xehetasun gehiagoren berri emateko.