Politika -
Instrukzioa bukatu da
Hirikoren porrotagatik lau enpresaburu epaituko dituzte hiru delitu egotzita
Gasteizko epaitegi batek ikerketa amaitu du, eta diru publikoak bidegabe erabiltzea, bidegabe jabetzea eta diru-laguntzen iruzurra leporatzen dizkie.
Agentziak | Erredakzioa
Lau enpresabururen aurkako ikerketa bukatutzat eman du Gasteizko epaitegi batek, horietako bik EAJrekin lotura dute. Diru publikoak bidegabe erabiltzea, bidegabe jabetzea eta diru-laguntzen iruzurra egotzita epaitzea eskatu du epaitegiak, Hiriko auto elektrikoaren egitasmoko porrotaren arduradun bezala.
Gasteizko Argibideetako 3. Epaitegiak igorri du autoa. Merkataritza-arloko epaitegi batek iragan abenduan emandako sententzia oinarritzat hartu du zigor-arloko epaitegiak orain. Afypaida auto elektrikoaren jatorriko enpresaren lau administratzaileak errudun jo zituzten konpainiaren porrotagatik. Enpresak 17 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntzak jaso zituen, gehienak (14,7 milioi) Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eskutik.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, lau akusatuak Jesus Echave EAJrekin lotura duen Afypaidako presidentea; Iñigo Antia EAJren zinegotzia Gasteizen 2003tik 2008ra (ondoren Araba Buru Batzarreko kide izatera pasa zen); Fernando Achaerandio eraikitzailea eta Jose Luis Bengoechea bitxi-dendako saltzailea dira.
Merkataritza-arloan lehen epaiketa egin ondoren, orain Argibideetako Epaitegiak zigor-arloan epaitzeko zantzu nahikoak ikusten ditu. 535.000 euro ordaintzera zigortu zituen merkataritza-arloko epaitegiak, “sekula saiakuntza-banku bezala erabili ez zen” autoa erosteagatik.
Arabako Fiskaltzaren hitzetan, enpresaburu akusatuek funts publikoak bereganatzeko egitasmo bat pentsatu zuten, auto elektriko baten diseinua aitzakiatzat hartuta, nahiz eta automobilgintzan inolako eskarmenturik ez izan.
16 orrialdeko autoari helegitea aurkezteko aukera dute aldeek. Iturri juridikoen arabera, erabaki “oso arrazoitua” da.
Ondoren akusazio eta defentsa idatziak egiteko epe bat emango dute. Ondorioz, epaiketaren hasiera datorren urtera arte atzeratu daiteke.