Politika -
Memoria Historikoa
Desagertuen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak finantzatuko ditu Gobernu zentralak
Memoria Historikoaren Legea erreformatzeko asmoa du Exekutiboak, besteak beste, “salbuespenezko auzitegi frankistak baliogabetzeko eta egiaren batzorde bat sortzeko”.
Agentziak | Erredakzioa
2007ko Memoria Historikoaren Legea eguneratzea beharrezkoa dela azpimarratu ondoren, Espainiako Gobernuak araudia erreformatzeko asmoa duela aurreratu du Dolores Delgado Justizia ministroak. Oposizioan zegoenean, PSOEk aurkeztu zuen lege-proposamenaren ildotik joko dutela iragarri du ministroak. Orduan Mariano Rajoyren Exekutiboak atzera bota zuen proposamena.
Ministroaren hitzetan, “salbuespenezko auzitegi frankistak eta haien epaiak baliogabetu, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak sektore publikotik bultzatu, egiaren batzorde bat sortu, Eroritakoen Haranari esanahi berri bat eman (2011n Adituen Batzordeak egindako azterketaren arabera), Gerra Zibila zein diktadura goratzeko ikurrak kentzeko” helburua du erreformak. Horretara behartzeko “zigor ekonomikoak” planteatu ditu.
Gainera, “frankismoaren apologia egiten duten elkarte edo mugimenduak legez kanpo uzteko” modua aztertuko dutela aurreratu du Justizia ministroak. Zentzu horretan, Francisco Franco Fundazioa aipatu du Delgadok.
“Mekanismo egoki eta eraginkorren bidez egia ezagutzeko borondatea eta konpromisoa dugu, frankismoko biktimen erreparaziorako eskubidea bermatuz eta berriro ez errepikatzeko bermeak lortuz”, esan du Delgadok Diputatuen Kongresuan.
Horregatik, Memoria Historikoaren Zuzendaritza Nagusi berri bat sortuko du Justizia Ministerioak. Delgadok azaldu duenez, “desagertuak bilatzeko egitasmoak” prestatzeko ardura izango du. Horretarako, “Zuzenbide, Arkeologia eta Antropologia Forentseko adituen” laguntza izango du, baita “memoria eta biktimen elkarteetako ordezkariena ere”.
Urteko lanen datuak eta aurkitutako pertsonen, eskaeren eta emaitza positiborik gabeko indusketen kopuruak jakitera emango ditu zuzendaritza nagusi horrek, ondoren Estatuko Aldizkari Ofizialean edo erkidegoen aldizkari ofizialetan argitaratzeko. Bestalde, Gerra Zibileko eta diktadurako biktimen errolda ofizial bat argitaratuko dute.
Azkenik, Frankismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoa berriro zabaltzea proposatu du Exekutiboak, Delgadok nabarmendu duenez.