Politika -
Adierazpen askatasuna
Belgikako Justiziak Valtonyc libre utzi du, euro-agindua aztertu bitartean
Raperoa baikor azaldu da eta Belgikako Justiziarengan erabateko konfiantza duela esan du, "independentea dela eta giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen alde dagoela erakutsi izan duelako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Belgikako Justiziak libre utzi du Josep Miquel Arenas, Valtonyc raperoa, Espainiako Auzitegi Nazionalak hura atxilotzeko eta entregatzeko emandako agindua aztertu bitartean, Europa Press agentziak zabaldu duenez.
Alabaina, eta erabaki bat hartu artean, debekatuta izango du Belgikatik ateratzea.
Valtonyc raperoari hiru eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten, bere abestien bidez mehatxuak egitea, terrorismoa goratzea eta Erregea iraintzea egotzita.
Joan den otsailean, Auzitegi Gorenak zigorra berretsi zuen, baina Valtonycek Belgikara ihes egin zuen eta, ondorioz, Auzitegi Nazionalak hura atxilotzeko agindua eman zuen.
Epailearen aurrean deklaratu ostean, Valtonycek komunikabideekin hitz egin du eta Belgikako Justiziarengan erabateko konfiantza duela esan du, "independentea dela eta giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen alde dagoela erakutsi izan duelako".
"Abesti batzuk baino ez direla ulertuko dutela espero dut, ez dudala ezer egin, ez dudala inolako arriskurik eta hau adierazpen askatasuna dela", erantsi du.