Politika -
Frankismoa
Sanjurjo Eroritakoen Monumentura itzultzeko agindua eman du epaile batek
Mola eta Sanjurjo jeneral frankisten gorpuzkiak bertatik ateratzea erabaki zuen Iruñeko Udalak 2016ko azaroaren 8an. Epaiak akordio hura atzera bota du. Sententziari helegitea aurkezteko aukera dago.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Sanjurjo teniente jeneralaren gorpuzkiak Eroritakoen Monumentuko kriptatik ateratzeko erabakiaren aurka aurkeztutako helegitea onartu du Iruñeko epaitegi batek. Gorpuzkiak eraikineko kriptan berriz hobiratzeko familiaren eskubidea aitortu du epaileak.
Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneral frankisten gorpuzkiak bertatik ateratzea erabaki zuen Iruñeko Udalak 2016ko azaroaren 8an. Epaiak akordio hura atzera bota du orain. Hala ere, sententziari helegitea aurkezteko aukera dago.
Epailearen hitzetan, kriptaren hilerri izaerari dagokionez, 2001eko Hileta-osasun Foru Dekretuak hilerrien eta errausketa-labeen jarduera arautzen du, baina ez kriptena, “ondorioz, hilerri bat ixteko baldintza eta eskumenen kasu baten aurrean ez gaudela argi dago”.
Gorpuzkiak kriptatik ateratzeko Udalaren eskumenei dagokionez, auzian Artzapezpikutzarekin adostutako akordioa aurkeztu zuten, baina “hori ez da inola ere ebazpena babesteko nahikoa, administrazio publikoak legezkotasun printzipioari atxikita daudelako”.
Hilobiak bertan mantentzeak memoria historikoaren legedia urratu dezakeela diotenen aurrean, hobiak “oroimen pribaturako direnean, etsaien goraipamenik gabe, edo legeak babestutako arrazoi artistikoak, arkitektonikoak ala erlijiosoak tartean daudenean” araudia aplikatzerik ez dagoela dio epaiak.
Helegitea aurkeztuko duela iragarri du Iruñeko Udalak dagoeneko. Epaitegiak Jose Sanjurjo jeneralaren eta Dimas eta Joanquin Aznar Zozaya anaien familiek aurkeztutako errekurtsoak onartu ditu, Udalak agiri batean azaldu duenez. Kripta hilerri bezala ixteko agindua eman zuen Udalak ebazpen batean.
Udaleko zerbitzu juridikoen esanetan, helegitea aurkeztu duten pertsonek “ez dute senideen gorpuzkiak Eroritakoen Monumentuko kriptan izateko eskubiderik, eraikina Iruñeko Udalaren ondasuna delako, Artzapezpikutzak gozamen eskubidea badu ere”.
Hain zuzen ere, kripta hobiratzeko toki izateari uztea adostu zuten Udalak eta Artzapezpikutzak, “ondorioz, inork ez du kripta hilerri bezala erabiltzeko eskubidea”, Udalak azpimarratu duenez. Era berean, epaia “zuzenbidezkoa ez” dela dio Udalaren helegiteak.
Horregatik, 15 eguneko epean, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean apelazio-errekurtsoa aurkeztuko du Udalak. Nahiz eta areto horrek gaurko sententzia babestu, Auzitegi Gorenaren aurrean kasazio-helegitea aurkezteko aukera dagoela gogorarazi du Udalak.