Politika -

ESPETXE-POLITIKA

Agus Hernan: 'Presoen hurbilketaren aldeko gehiengo sendoa dugu'

Foro Sozialeko bozeramaileak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du konpontze bidean direla jada hiru gai hauek: "gaixo dauden presoak eta helduak, gerturatzea eta transferentziak".

Agus Hernan gaur Radio Euskina. Foto: EiTB
Agus Hernan gaur Radio Euskina. Foto: EiTB
Foro Soziala pozik agertu da espetxe politikan iragarri diren aldaketekin

1:34

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foro Soziala baikor dago azken aldian espetxe-polikaren inguruan izaten ari diren adierazpen, erabaki eta aldaketekin. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Agus Hernan bozeramaileak esan du gizartean, politikoan, sindikalgintzan eta arlo instituzionalean "presoen hurbilketaren aldeko gehiengo sendoa" lortu dela, baina presarik ez izateko ere eskatu du. Azken aldian gertatzen ari diren mugimenduak luze joan den prozesu baten fruitu direla zehaztu du: "apirilaren 9an, ETAren armagabetzearen biharamunean, modu diskretuan lanean hasi ginen alderdi politikoen, sindikatuen eta instituzioen artean ahalik eta adostasun zabalenak lortzeko".

Espetxe-politikaren auzian bost gai nagusi daudela mahai gaineran gogorarazi du Hernanek: gaixo dauden presoen eta 70 urte baino gehiago dituztenen auzia, presoen hurbilketa, gradu politikaren aldaketa, zigor-akumulazioaren aplikazioa, eta espetxe eskumenaren transferentzia.

Pedro Sanchez presidentearen azken erabakiak nahiz Urkullu, Ortuzar eta Mendiaren arteko bileraren emaitza ikusita, besteak beste, horietako hiru "jada ibilbide orrian" daudela adierazi du Foro Sozialaren bozeramaileak: "gaixo dauden presoen eta helduen gaia, gerturatzea eta transferentziak", eta orain, gradu politikaren auzia dagoela agendan: "Euskal presoen %92 lehen graduan daude, Espainiako preso guztiak kontuan izanda soilik %2 daudenean maila horretan. Presoek egungo legediaren barruan ibilbide bat izan dezaten nahi badugu, eragindako mina aitortuz, ezin dute hori lehen graduan egin, legeak ez baitu uzten. Gutxienez bigarren graduan egon behar dute definitzen joan beharko dugun ibilbide bat egin dezaten" azaldu du.

Ibilbide hori diseinatzeko, "armagabetzean funtzionatu zuen hiru erpineko akordioa" behar dela esan du Agus Hernanek: "akordioa egin beharra dago euskal instituzioen artean, presoen kolektiboaren artean, eta gizartearen artean, oinarrizko bi elementuren inguruan: legedi arruntaren eta eragindako minaren inguruan".

Foro Sozialeko bozeramaileak ez du uste prozesu azkarra izango denik hau, "tantaka tantaka" gertatuko direla gauzak pentsatzen du, baina era berean, azken asteotan prozesua asko bizkortu dela ere aitortu du. Sektore batzuek "urgentzia" izatea ulertzen duela esan du, presoen senideek, esate baterako, "baina lasaitasunari eutsi behar zaio, poliki-poliki behin betiko irtenbideak lortzeko".

Biktimen papera

Hainbat alderdik eta biktimen elkartek egungo espetxe-politikari eutsi eta aldaketen kontrako jarrera erakutsi eta gero, zer egin beharko litzatekeen galdetuta, Agus Hernanek esan du Espainiako Estatuan legedia arrunta aplikatzearen aldeko iritzia bultzatu beharra dagoela, "ez ditugu ezohiko onurak eskatzen, legedia arrunta bete dadila baizik". Bide horretan kokatu du aste honetan bertan Bartzelona Udalean onartutako adierazpena, eta bide horretatik jarraituko dutela esan du, iritzi olde hori Espainiako Kongresura eraman arte.

Biktimak errespetatu, hurbil izan, eta entzun egin behar direla uste du Agus Hernanek, "baina biktimek ezin dituzte politika publikoak erabaki".

"Garrantzitsua da gauzak ondo egitea, eta PP ere hurbilketa politikara batzea gustatuko litzaiguke, elkarbizitzaren aldeko apostua baita, eta guztiok irabaziko genuke" amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Albisteak Bakea Euskadin