Politika -
RTVE
Andres Gil RTVEko presidentea izateko proposatu dute PSOEk eta Podemosek
PSOEk eta Podemosek eldiario.es atariaren Politika alorreko erredaktore burua hautatu dute Espainiako irrati-telebista publikoa zuzentzeko, baina ez du EAJ eta ERC konbentzitzen.
Agentziak | Erredakzioa
Andres Gil, eldiario.es atariaren Politika alorrko erredaktore burua, aukeratu dute PSOEk eta Podemosek Espainiako Irrati-Telebistako presidentea izateko, Pablo Iglesiasek zabaldu duenez.
"Akordioa egon da, pozten naiz. Aipatu diren izen guztiak profesional handienak dira, Ana Pardo eta Arsenio Escolar tartean. Ematen du azkenik akordioa Andres Gilen inguruan lortu dugula", esan du Podemoseko liderrak Antena 3 telebista-katean.
El Paisen ere lan egin du Gilek, eta ADN digitala ere sortu zuen. Ana Pardo de Vera, Publicoko zuzendaria, eta Arsenio Escolar, 20minutoseko zuzendari ohia, negoziaketetan aipatu diren beste izenak dira.
Iglesiasek nabarmendu duenez, Gobernuak bultzatutako lege dekretuaren ostean goi-karguak onartuko diren arren, etorkizunean "lehiaketa publiko bat egon behar dela argi geratu da", "funtsezkoa baita RTVE propaganda tresna bat izateari utz diezaion" eta independentea izan dadin.
EAJ eta ERCren babesik gabe
Andres Gilen izena, ordea, EAJ eta ERCren errezeloekin topatu da.
EFEk jeltzaleen talde parlamentarioaren iturriak aipatuta esan duenez, EAJk ez du Gil babesten irrati-telebista publikoa zuzentzeko.
ERCn, bestalde, pentsatzen eta eztabaidatzen ari direla onartu dute. Hala ere, "kazetari bikaina" dela uste dute, eta RTVE berritzea premiazkoa dela.
Tramitea Parlamentuan
RTVEko Administrazio Kontseilua premiaz eta behin behinean berritzeko lege dekretua onartu zuen ostiralean Gobernuak. Orain, Gorteek hamar kontseilarien izenak hautatuko beharko dituzte, presidentea barne: lau Senatuak eta sei Kongresuak.
Diputatuen Kongresuan hautatzeko ezohiko bilkura astelehenean hasiko da, eta prozesua uztailaren 8an bukatuko da.
Abertzaleen ezezkoak proposamena aurrera ateratzea eragotziko luke, Gorteen gehiengo absolutua eta taldeen erdiaren babesa beharrezkoa baita, bigarren bozketan ere.