Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Estatutu berriko botere banaketaren eta ogasunaren atalak adostu dituzte

EAJren eta EH Bilduren botoekin adostu dituzte bi atal horiek. Besteak beste, herritarren parte-hartzea bermatu nahi du Estatutu berriak, erabakietan herritarrek zeresana izan dezaten.

Galdeketen bidez, herritarren parte-hartzea sakontzea jasoko du

1:44

ETB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Autogobernua eguneratzeko Lantaldeak Estatutu berriaren beste bi atal adostu ditu gaur goizean,  EAJren eta EH Bilduren babesarekin: batetik, botere banaketari dagokion atala, eta, bestetik, ogasunari buruzkoa.

Aurreko hitzorduetan bezala, Legebiltzarrean gehiengoa duten bi talde abertzaleek bat egin dute, Estatutu berriaren erredakzioan aurrera eginez. Orain, gaur adostutako bi atal horiek idaztea aditu talde baten esku utziko dute.

Besteak beste, Estatutu berriak botere banaketa klasikoarekin batera (legegilea, exekutiboa eta judiziala), herritarren parte-hartzea bermatu nahi du, erabakietan herritarrek zeresana izan dezaten.

Arlo judizialean, berriz,  Estatutu berriak botere judizialaren Euskal Kontseilu Nagusia eratzea proposatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko epaile eta fiskalen antolaketa eta gobernu organoa izango litzakeena.

Euskadiko Auzitegi Nagusiak helegite guztiak bere bere gain hartzea ere proposatzen du testu berriak. Espainiako Auzitegi Gorenaren esku soilik geratuko litzateke doktrina bateratzea Estatuko legediarekin.

Era berean, epaileen formakuntza eta hutaketarako eskola judiziala sortzea eta Ertzaintza izatea polizia judiziala adostu dituzte.

EH Bilduk boto partikularra eman du, botere judiziala "guztiz berezkoa" nahi duelako. Maialen Iriarte EH Bilduko bozeramailek esan duenez, "auzi judizial guzti guztiaren garapena hemen hasi eta hemen amaitzea nahi dugu".

Ogasuna

Ekonomia, ogasun eta finantza arloan, berriz,  Euskadik politika ekonomiko eta fiskal propioa izatea adostu dute. Horren arabera, Kontzertu Ekonomikoa izango da zerga guztiak arautzeko oinarria.

Euskadik garatutako lan harreman eta gizarte segurantza sistemen gaineko ardura esklusiboa izatea ere hitzartu dute bi talde abertzaleek, Estatuarekin ezarritako konpromisoak beteta.

Azkenik, Euskadik Ecofin erakundean eta Europako lantaldeetan parte hartzea ere jasotzen du testu berriak.

Datorren astean bi bilera egongo dira eta helburua da beste bi atal ixtea: Elkarrekin Podemosek aurkeztuko duen eskubide eta betebeharren atala, eta Europarekiko harremanei dagokiona.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea