Politika -
Diputatuen Kongresua
Sanchez: 'Biktimekin enpatikoak izanda gerturatuko ditugu presoak'
“Demokraziak ETA garaitu zuen eta, ondorioz, Gobernu bezala espetxe politika berrikustea planteatu eta errealitate berrira egokitu behar dugu”, adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Espetxe politika aldatzeko eta presoak Euskal Herrira hurbiltzeko Diputatuen Kongresuaren “babesa” eskatu du gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. “Terrorismoaren biktimekin enpatikoak izanda gerturatuko ditugu presoak”, adierazi du Sanchezek.
“Demokraziak ETA garaitu zuen eta, ondorioz, Gobernu bezala espetxe politika berrikustea planteatu eta errealitate berrira egokitu behar dugu, terrorismoaren biktimekin enpatikoak izanda, gure erantzukizuna delako, eta Ganberaren babesa eskatzen dut horretarako”, azaldu du.
Europako Kontseiluaren bileraren berri emateko agerraldia egin du Sanchezek Diputatuen Kongresuan. Zentsura-mozioan EAJren babesa lortzearen truke Iñigo Urkullu lehendakariarekin presoen hurbilketa negoziatu izana leporatu dio Rafael Hernando PPko bozeramaileak Sanchezi.
Presoekin legea betetzea eskatu dio Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko (FVT) presidenteak Espainiako Gobernuari. “Boterera heltzeko prezioa” biktimek ordaintzea “nahiko bidegabea” eta “iraingarria” dela gaineratu du.
Azken albisteen aurrean “oso adi” daudela esan du Blancok Diputatuen Kongresuan, eta ez du baztertu Sanchezi bilera eskatzea, datozen egunetan gertatzen denaren arabera.
Bestalde, presoen balizko hurbilketa baten aurrean ez duela ezer esateko esan du Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak, "legalitatea betetzen bada". Presoek ETA errefusatu behar dutela uste du Ordoñezek.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Ordoñez ez da agertu presoak banan-banan, pixkanaka eta legea betez hurbiltzeko egitasmoaren aurka.
Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko (Covite) presidentearen hitzetan, “gutxieneko eta funtsezko baldintza bat” bete behar dute “gizarteratzearen bideari ekiteko. ETA errefusatu behar dute, ez gehiago ez gutxiago. Eta kito”.