Politika -
Frantziako lapurreta
Ares: 'ETAk bereari eusten diola frogatzen du Frantziako lapurretak'
Frantziako informatika enpresa batean sartu eta lapurreta egin zuten hiru kaputxadunek, ustez ETAkoak, walkie-talkie bidez hitz egin zuten kanpoan zeuden lagun gehiagorekin.
Erredakzioa
ETAko ustezko hiru kidek astelehenean egin zuten lapurreta "larria eta kezkagarria" dela esan du gaur Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Lapurreta egin zuten hiru kaputxadunek walkie-talkie bidez hitz egin zutela kanpoan zeuden lagun gehiagorekin ezagutu da. Aresen hitzetan, ekintza honekin, "ETAk bereari eusten diola eta ekintza terroristekin bukatzeko erabakia ez duela hartu frogatzen da".
Horregatik, ezker abertzaleko ordezkariei eskatu die asteleheneko "ekintza terrorista" gaitzesteko, "sinesgarritasuna izan nahi badute".
Batasunarekin batera "subiranotasunaren aldeko poloan" parte hartuko duten alderdiei ere mezua luzatu die: Frantziako lapurreta gaitzesteko eta Batasunak egiten ez badu, polo hori utz dezaten eskatu die.
ETAren balizko komunikatu baten inguruko "zurrumurruen aurrean zuhurtziaz eta erantzukizunez" jokatzeko eskatu du Herrizaingo sailburuak.
Bere hitzean, "ekintza terrorista berri honek erakusten du ETAk oraindik bereari eustea erabaki duela".