Politika -

Bilera

'Lankidetza areagotzea' adostu dute Batetek eta Erkorekak

Sanchezen eta Urkulluren arteko bileran, mahai gainean izango diren gaiei heldu diete ministroak eta Jaurlaritzako bozeramaileak. Espainiako presidentea eta lehendakaria astelehenean bilduko dira.

Meritxell Batet Lurralde Politikarako ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Meritxell Batet Lurralde Politikarako ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Meritxell Batet Lurralde Politikarako ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meritxell Batet Lurralde Politikarako ministroak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak bi administrazioen arteko “lankidetza areagotzeko nahia” azaldu dute ostiral honetan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria datorren astelehenean bilduko dira. Ministroa eta EAEko Exekutiboaren bozeramailea ostiral honetan batzartu dira, hiru egun lehenago.

Ostiral honetako bileran, Sanchezen eta Urkulluren arteko batzarrean, mahai gainean izango diren gaiei heldu diete Batetek eta Erkorekak, bi administrazioen arteko harremanean, gai garrantzitsuetan, aurrera egiteko. Bilera “oso adeitsua” izan dela azaldu dute.

Konkretuki, gatazkak murriztea; Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegiteak saihesteko elkarrizketa bideak zabaltzea; eskumenen transferentzia; eta Espainiako Gobernuaren eta EAEko Exekutiboaren arteko lankidetza mekanismo iraunkorrak bultzatzea planteatu dituzte.

37 eskumenen txostena

Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, XI. Legealdiaren Gobernu Programak aurreikusten duen “autogobernu” zatia batez ere jorratu dute Batetek eta Erkorekak. Konkretuki, transferitzeke dauden 37 eskumenen txostenaz hitz egin dute bi buruzagiek. Ministroak txostenaren “berri” zuen. “Duela astebete mahai gainean du”, goraipatu dute iturriek.

Gogorarazi dutenez, Gernikako Estatutua osorik betetzeko egutegi baten beharra planteatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Bestalde, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean aurkeztu dituen helegiteak edo aurkeztuko dituen errekurtsoez ere mintzatu dira.

Bilera “adeitsua” izan dela azpimarratu du Jaurlaritzak, giro “lasaian” egina, bi erakundeen arteko elkarrizketa bideratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Albisteak