Politika -
Bilera-sorta
Pedro Sanchez eta Iñigo Urkullu ekainaren 25ean bilduko dira
Bestalde, Pedro Sanchezek uztailaren 9an hartuko du Moncloa Jauregian Quim Torra Generalitateko presidentea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ekainaren 25ean bilduko da Iñigo Urkullu lehendakariarekin Moncloa Jauregian, eta uztailaren 9an Quim Torra Generalitateko presidentearekin.
Estatuko presidente autonomiko guztiekin bilera-sorta egingo du Sanchezek eta lehendabiziko batzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako buruzagiekin izango dira.
Joan den ekainaren 13an, Pedro Sanchezek Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Aitor Esteban diputatuak hartu zituen Moncloan.
Lehendakariarekin datorren astelehenean egingo duen bilera 12:00etan hasiko da; Torrarena, berriz, uztailaren 9an, 11:30ean, Moncloa Jauregiak ohar bidez zehaztu duenez.
Espainiako Gobernuko presidente kargua hartu ondotik, Sanchezek presidente autonomiko guztiekin biltzeko asmoa iragarri zuen, tokian tokiko gaiak aztertzeko, oro har, eta erkidegoen finantzazio-sistemaren erreformaz hitz egiteko, zehazki.
Nolanahi ere, Sanchezek berak adierazi du erreforma hori ez dela legegintzaldi honetan gauzatuko.
Bileren ordena zehazteko, Autonomia Estatutuen antzinatasuna hartu dute kontuan. Horregatik batzartuko da Sanchez lehenengo Urkullurekin eta gero Torrarekin.
Gainerako erkidegoetako buruzagiekin egin beharreko bileren datak ez dituzte argitu.