Politika -
Bilera sorta
'Entzuteko eta entzuna izateko asmoarekin' bilduko da Urkullu Sanchezekin
Bien arteko bilera "laster izango dela" esan du Josu Erkorekak. Euskadik Autonomia Estatutu zaharrena izateagatik bilduko da lehenik Sanchez lehendakariarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria "entzuteko eta entzuna izateko asmoarekin" bilduko da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin. Antza, bilera "datozen egunotan" izango da, baina oraindik ez dute data zehaztu bi agintarien agenda arazoak direla eta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Bileraren osteko ohiko prentsaurrekoan jakitera eman duenez.
Pedro Sanchezek erkidego guztietako presidenteekin bilduko dela esan du, eta bilera sorta hori lehendakariarekin hasiko du, Euskadik Autonomia Estatutu zaharrena baitauka.
Erkorekaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak ere bilera "ahalik eta arinen" egiteko "borondatea" dute.
Bileran, Urkulluk Jaurlaritzaren Gobernu programarekin zerikusia duten gaiak jorratzeko asmoa duela esan du Erkorekak; esaterako, "autogobernuaren garapena eta Gernikako Estatutuaren berrikuntza; sustapen ekonomikoa eta enpleguaren sorkuntza; bizikidetza egonkortzea eta espetxe politika aldatzea".
Espetxe politika
Bestalde, ETAko presoei eragiten dien espetxe politika aldatzea "neurri egokia eta beharrezkoa" dela uste du Eusko Jaurlaritzak, "Euskadin bizikidetza normalizatzen lagunduko" duelako.
Pedro Sanchezek atzo (astelehena) iragarri zuenez, ETAren desegitearen ostean "bistakoa" da "espetxe-politika ezberdina garatu" behar dela.
Erkorekaren ustez, Euskadin "bizikidetza normalizatuagoa lortzeko, besteak beste, espetxe politika errukitsuagoa ezartzean" lortuko da.
"Jakin badakit adostasuna erabat lortzea zaila izango dela", esan du Erkorekak, baina "alderdi eta erakunde guztiek hurreratze ahalegina egin behar dutela" uste du bozeramaileak.