Politika -
Espainiako Gobernua
Jose Guirao, Kultura eta Kirol ministro berria
Ministro berria ostegun honetan jabetuko da karguaz erregearen aurrean, 11:00etan, Zarzuela Jauregian.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Guirao almeriarra Pedro Sanchezen Gobernuko Kultura eta Kirol ministro berria izango da, Maxim Huerta ordezkatuz; izan ere, arratsaldean dimisioa eman du bigarrenak, Exekutiboko iturriek baieztatu dutenez.
Guirao Almeriako Diputazioaren Kultura arloko arduraduna izan zen 80 hamarkadan, Kultura Ministerioko Arte Eder eta Artxibo zuzendari nagusia 1993tik 1994ra bitartean, eta Sofia Erregina Museo Nazionalaren zuzendaria 1994tik 2001era.
Espainiako Gobernuko iturrien arabera, Guirao ostegun honetan jabetuko da karguaz erregearen aurrean, 11:00etan, Zarzuela Jauregian.
Hispaniar Filologian lizentziaduna da eta 1959an jaio zen. Jarduera politikoari 1983an heldu zion, Almeriako Diputazioaren Kultura arduradun gisa. 1987ra arte egon zen karguan.
1988ko ekainean Andaluziako Gobernuaren Kultura eta Ingurumen Kontseilaritzako Kultura Ondasun zuzendari nagusi izendatu zuten. Berak eskatuta kargua utzi zuen 1993ko urrian; izan ere, egun batzuk geroago Kultura Ministerioko Arte Eder eta Artxibo zuzendari nagusi izendatu zuen Ministroen Kontseiluak.
Urtebete geroago, 1994ko irailaren 23an Sofia Erregina Museo Nazionalaren zuzendari izendatu zuen Ministroen Kontseiluak. Bere agintaldian bertako bilduma iraunkorra aldatu zuen.
2001etik 2014ra bitartean, Casa Encendidaren buru izan zen Madrilen. Caja Madrid desagertuaren kultura eremua zen. Orain Montemadrid Fundazioko presidentea zen.