Politika -

Espainiako Gobernua

Maxim Huerta Espainiako Kultura eta Kirol ministroak dimisioa eman du

2017an iruzur fiskala egiteagatik zigortu zutela publiko egin ostean eman du dimisioa. Astebete baino ez du egin Kultura eta Kirol ministro karguan.

Maxim Huerta, dimisioa iragarri duenean. Argazkia: EFE
Maxim Huerta, dimisioa iragarri duenean. Argazkia: EFE
Maxim Huerta Espainiako Kultura ministroak dimisioa eman du

8:44

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maxim Huerta Espainiako Kultura eta Kirol ministroak dimisioa eman du, Ogasunari iruzurra egin ziola publiko egin den egunean.

Duela astebete hartu zuen kargu hori Pedro Sanchezen gobernu berrian, baina gaur El Confidencial atari digitalak iruzur fiskalagatik zigortu zutela argitaratu du eta horren ondotik dimisioa eman behar izan du Huertak.

Komunikabide horren arabera, 218.000 euro inguruko iruzurra egin zuen 2006, 2007 eta 2008 urteetan eta, ondorioz, iaz, Ogasunari 366.000 euro ordaintzera zigortu zuten.

Huerta Pedro Sanchezekin bildu da arratsalde honetan Moncloa Jauregian eta ondoren, 19:00ak aldera, agerraldia egin du bere erabakiaren berri emateko.

Errugabea dela azpimarratu du, baina sortu den zalapartarekin eta "kulturaren eta gardentasunaren hobe beharrez" kargua uztea erabaki duela adierazi du. "Batzutan atzera egiten jakin behar da eta nik Kultura maite dut eta horregatik albo batera egingo dut", esan du.

"Txakur-talde honen aurrean errugabetasunak ez du ezertarako balio", kritikatu du.

Iruzurrik egin zuela eta orduan egin zuena "garai hartan legezkoa" zela nabarmendu du. Halaber, ez zutela zigortu, isuna jarri ziotela zehaztu du. "Orain bigarren aldiz ordainduko dut isun hori", esan du.

Honen guztiaren atzean Pedro Sanchezen "egitasmo eraberritzaileari kalte egiteko asmoa" ezkutatzen dela salatu du eta erantsi du jakin bazekiela bere ibilbide profesionalagatik kritika zorrotzen jomugan izango zela.

"Banekien kritikak jasan beharko nituela mundu guztiak gorroto dion baina mundu guztiak ikusten duen komunikabidean lan egin dudalako", deitoratu du.

Errugabea dela berretsi du, baina bere kontrako susmoak Espainiako Gobernu berriari kalte egitea ekiditeko, "atzera egitea" nahiago izan duela gaineratu du.

Espainiako Kultura eta Kirol ministro kargua "umiltasunez" hartu zuela eta Gobernua umiltasun berarekin utziko duela adierazi du hamar minutu inguruko iraupena izan duen agerraldian.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ustezko ustelkeria politikoa Gaurko azken orduko albistea