Politika -

Gure Esku Dago

Hainbat politikari izango dira Gure Esku Dagoren giza katean, tartean Kataluniakoak

Gabriel Rufian, Arnaldo Otegi, Pili Zabala eta Andoni Ortuzar izango dira, besteak beste, erabakitzeko eskubidearen alde datorren igandean egingo den mobilizazio handian.

Gabriel Rufian. Artxiboko argazkia: EFE
Gabriel Rufian. Artxiboko argazkia: EFE
Gabriel Rufian. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat politikari izango dira datorren igandean Gure Esku Dagok antolatu duen giza katean. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, dozenaka mila herritarrek Gasteiz, Bilbo eta Donostia eskutik helduta lotuko dituzte.

Bilbon, Moyua plazan, Kataluniako Asanblada Nazionaleko (ANC) eta Omnium Cultural erakunde zibiletako ordezkariak izango dira; izan ere, Gure Esku Dagok Kataluniako herritarrei, preso politikoei eta erbesteratuei elkartasuna adierazteko kilometrotzat jo du 122.ena. Zapi horiak eramango dituzte tarte horretan.

Donostian, lehendabiziko kilometroan, Gabriel Rufian ERCko diputatua izango da; bigarrenean, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia; eta hirugarrenean, Gipuzkoako EAJren zuzendaritzako kideak, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Orion, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua eta Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko idazkari nagusi ohia izango dira. Zarautzen, Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea egongo da, eta Elgoibarren, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia.

Bilbon, Etxebarria Parkean, Oskar Matute EH Bilduko diputatua izango da, eta Arrankudiagan, Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko bozeramailea.

Amurrion, Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkide eta Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia eta Miren Zabaleta Sortuko buruzagia izango dira.

Gasteizen, giza katearen amaieran, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkideak egongo dira.

Horrez gain, giza katean EAJko ordezkari politikoek parte hartuko dutela espero dute, hala nola, Andoni Ortuzar jeltzaleen buruzagiak.

Gure Esku Dagok 1.200 autobus jarriko ditu, herritarrak giza katea osatzeko puntuetara eramateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Andoni Ortuzar Euskal Autonomia Erkidegoa Gure Esku Albisteak Pili Zabala Maddalen Iriarte