Politika -
pedro sanchezen gobernua
Isabel Celaa, Hezkuntza ministro berria
Celaa, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Patxi Lopezen garaian, PSOEren Bermeen Batzordeko presidentea da gaur egun.
agentziak | erredakzioa
Isabel Celaa (Bilbo, 1949) Patxi Lopez lehendakari izan zen garaian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izandakoa izango da Pedro Sanchezen Gobernuko Hezkuntza ministroa, presidente espainiarraren inguruko iturriek EFEri baieztatu diotenez.
Celaa Pedro Sanchezen gertukoetako kidea da, eta PSOEren Bermeen Batzordeko presidentea da gaur egun.
Celaa Filosofian, Filologia Ingelesean eta Zuzenbidean lizentziaduna da, baita Hezkuntza eta Literatura Ingelesean katedraduna ere. Irlandako kulturarekin ere loturak ditu, Belfasten eta Dublinen bizi izan delako.
1998 eta 2016 bitartean legebiltzarkidea izan da hainbatetan, Jose Ramon Recalde sozialistaren taldearen buru izan zen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean, 1991ean.
Ondoren, Fernando Buesaren garaian Hezkuntza sailburuordea izan zen, EAJ eta PSE-EEren koalizio-gobernuan, 1991-1995 bitartean. Hurrengo hiru urteetan, 1998ra arte, Ramon Jauregiren kabinetea gidatu zuen Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantzan.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua izan zen Lopez lehendakari izan zen garaian, 2009ko maiatza eta 2012ko urria bitartean.
Celaa PSOEren Etika eta Bermeen Batzordeko presidente hautatu zuten 2014ean Pedro Sanchez idazkari nagusi egin zuen Batzar Federalean, eta karguan mantendu zuten alderdikideek iazko ekainean egin zuten Batzarrean.