Politika -

Kontrolatzaileen krisia

Alarma egoera urtarrilaren 15a arte luzatzea proposatu du Gobernuak

Ministroen Kontseiluak ezohiko bilera egin du. Exekutiboaren proposamena datorren ostegunean bozkatuko du Kongresuak osoko bilkuran.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarma egoera urtarrilaren 15era arte luzatzea proposatzea adostu du gaur Ministroen Kontseiluak, Gabonetako oporretan aire eremuaren normalkuntza bermatzeko, Jose Blanco Sustapen ministroak bilera amaitu eta gero azaldu duenez.

Ministroen Kontseiluak ezohiko bilera egin du Diputatuen Kongresuan. Exekutiboaren proposamena datorren ostegunean bozkatuko du Kongresuak osoko bilkuran.

CiU, EAJ eta CC alderdien laguntza du Espainiako Gobernuak, baina talde guztiek proposatu ditzakete aldaketak.

Abenduaren 4an onartutako Errege Dekretuak ezarritako baldintza berdinetan luzapena eskatuko dutela azaldu du Rubalcabak.

"Gertakariak oso larriak izan ziren eta aire trafikoaren kontrola normaltasunera itzuliko dela bermatzea Gobernuaren betebeharra da, abenduaren 3a baino lehen aireportuetan zegoen egoerara itzultzeko. Horregatik, urtarrilaren 15era arte denbora ematea adostu dugu, herritarrek gehiago bidaiatzen dutelako egun horietan eta aire nabigazioko sistemetan zorrotzak izan behar garelako", aurreratu du Rubalcabak.

Kongresuko eztabaidan protagonista Ramon Jauregui Presidentetzako ministroa izango dela adierazi du Barne ministroak. Osoko bilkurak ostegunean neurriari oniritzia ematen baldin badio, Ministroen Kontseiluak luzapen dekretu bat onartuko luke datorren ostiralean.

Ezohiko Ministroen Kontseiluan, alarma egoera luzatzeko dataren inguruan "desadostasunik" izan ez dela azpimarratu du Rubalcabak, eta erabakia hartzeko Estatuko Kontseiluaren txostenik "beharrezkoa ez" zela defendatu du.

PP

Bestalde, aire-kontrolatzaileen gatazkari irtenbide bat emateko orduan Gobernuak duen "ezintasuna eta aginte falta" agerian utzi du alarma egoeraren luzapenak, Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramailearen ahotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea