Politika -
ESTATUKO AURREKONTUAK
Urkullu: 'PPk Aurrekontuen aurka egiten badu, mendekua hartzeko izango da'
Mariano Rajoyk presidente kargua galdu badu 'Gurtel auzia'ren epaiagatik eta Ciudadanosek Espainiako Gobernuari babesa emateari utzi diolako izan dela esan du lehendakariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJrekin adostutako inbertsioak aldatzeko Alderdi Popularrak Estatuko Aurrekontu Orokorrari zuzenketak aurkezten badizkio, "mendekua hartzeko ekintza" izango dela salatu du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Urkulluk esan du Ciudadanosek bultzatu zuela Mariano Rajoyk Espainiako Gobernuko presidente kargua galtzea, hura babesten jarraitzeari uko egiten ziola iragarrita. Halaber, zehaztu du EAJk ez zuela inolako loturarik Espainiako Gobernuarekin, Estatuko Aurrekontuak onartu eta Espainiako Gobernuarekiko "leialtasuna" agertu arren.
Ildo horretan, lehendakariak jakinarazi du Pedro Sanchezekin hitz egin duela jada, harekin bilera bat egin nahi duela adierazteko eta EAJk Kongresuan "egonkortasunaren aldeko lana" egingo duela esateko, "presidentea edozein dela ere".
Ostiralean Rajoyrekin hitz egin zuela eta honek ez ziola ezer aurpegiratu esan du. Elkarrizketa horretan zentsura-mozioa babesteko EAJren arrazoiak zeintzuk izan ziren azalduk zizkion, eta gaur argudio horiek errepikatu ditu.
Lehendakariaren hitzetan, Rajoyren gainbehera 'Gurtel auzia'ren epaiak eta Ciudadanosek ordura arte emandako babesa kendu izanak eragin zuten. "Ciudadanosek babesa kentzen badio, nahikoa al da EAJren babesarekin? Ez, ez da nahikoa", azpimarratu du.
Gauzak horrela, Urkulluk esan du ez dela bidezkoa EAJri "traizioa" egin izana leporatzea, eta irakurketa hori egiten duenak PPren Gobernuaren porrotaren "benetako arrazoiak" ezkutatzen ari dela erantsi du.