Politika -
Auzitegi Nazionala
Barcenas, Majadahondako alkate ohia eta Lopez Viejo kontseilari ohia, espetxera
Gurtel auziko gainerako zigortuei erabakiaren berri asteazkenean emango diete.
Agentziak | Erredakzioa
Luis Barcenas PPko altxorzain ohia (33 urte eta 4 hilabeteko espetxe-zigorra), Guillermo Ortega Majadahondako alkate ohia (38 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra) eta Alberto Lopez Viejo Madrileko kontseilari ohia (31 urte eta 9 hilabete) berehala espetxeratzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak.
Gurtel auziko gainerako zigortuei erabakiaren berri asteazkenean emango diete, Auzitegi Nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez. Zigortuek agerraldia egin dute gaur, sententzia igorri zuen epaimahaiaren aurrean, kautelazko neurriak hartu ala ez erabakitzeko.
Agerraldiak banan-banan egin dituzte 10:40etik 15:00etara. Gurtel auziko 15 zigortuetatik 11 espetxeratzea eskatu du Fiskaltzak, ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta. Gainerakoei aldizkako agerraldiak ezartzea eta pasaporteak kentzea proposatu du fiskalak.
Gai penaletarako aretoaren bigarren sekzioak bi auto jakitera eman ditu, Barcenasek, Ortegak eta Lopez Viejok “pilatzen dituzten espetxe-zigor urteak eta dirua lapurtzeko elkarte eta finantza sarea kontuan hartuta”.
PPko diruzain ohiaren kasuan, Barcenasi leporatu zaizkion funtsen “zati bat aurkitzea ez da posible izan”, ondorioz, Justiziari muzin egitea errazago ez jartzeko espetxeratzea ebatzi du aretoak.
Gainera, Rosalia Iglesias altxorzain ohiaren emaztea (15 urte) eta Jesus Sepulveda Ana Matoren senar ohia eta Pozueloko alkate ohia (14 urte eta 4 hilabete) espetxeratzeko eskatu dute Concha Sabadell eta Concha Nicolas Gurtel auziko fiskalek.
Carmen Rodriguez Quijano Francisco Correaren emazte ohia (14 urte eta 8 hilabete), Ricardo Galeote Esteponako zinegotzi ohia (7 urte eta 10 hilabete) eta Jose Luis Izquierdo sareko kontularia (17 urte eta 7 hilabete) kartzelaratzeko eskatu dute.
Era berean, Antonio Villaverde Gurteleko izen-mailegatzailea (8 urte eta 2 hilabete), Juan Jose Moreno Majadahondako zinegotzi ohia (15 urte eta bi hilabete) eta Carlos Clemente Aguado Madrilgo kontseilariorde ohia (5 urte eta 9 hilabete) espetxeratzeko eskatu dute.
Jesus Merino PPko diputatu ohiari (3 urte eta 7 hilabete), Teresa Gabarra Lopez Viejoren emazteari (4 urte), Ivan Yañez Barcenasen izen-mailegatzaileari (3 urte) eta Pedro Rodriguez Pendas Lopez Viejoren aholkulariari (3 urte), ostera, pasaportea kentzea eta aldizkako agerraldiak ezartzea eskatu dute fiskalek.